Oñatik 23 milioi pasa euroko aurrekontua izango du datorren urtean

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko abe. 15a, 14:47

Atzo egindako osoko bilkuran onartu zuen Oñatiko udalbatzak datorren urteko aurrekontua, azkena baino %10 handiagoa. Aurrezki arrunt positiboa 1,5 milioi eurokoa da.

Guztira, 23.119.920 euroko aurrekontua izango du Oñatiko Udalak datorren urtean, azkena baino %10 gehiago. Diru sarrerei dagokienez, azpimarratzekoa da udalak 2,1 milioi euroko dirulaguntzak lortu izana Europar Batasuneko Next Generation funtsetik, hurrengo bi urteetan zehar garatuko diren bederatzi proiekturi lotuta. Ondasun eta zerbitzu gastuek eta transferentzia arruntek, bestalde, KPIaren pareko igoera izango dute.

Proposatutako aurrekontuak 1,5 milioi euroko aurrezki arrunta aurreikusten du eta 4,3 milioi euro bideratuko dira inbertsioetara, aurten baino %47 gehiago, Next dirulaguntzei esker. Torreauzo-Zañartu bidegorria, udaletxeko plaza inguruko esku-artze integrala, irisgarritasun lanak, kiroldegiko kantxa urdineko teilatua, disuasio aparkalekua eta Emakumion Etxia dira egingo diren inbertsioetako batzuk.

Aurrekontu orekatuak eta landuak dira Udal Gobernuarendako, eta euren aldeko botoekin onartu ziren. Oposizioan dagoen EAJ abstenitu egin zen. Zortzi emendakin aurkeztu zituen eta bat, Aldakiñon lanak egitea, onartu zuen Udal Gobernuak, besteen gaineko ezezkoak arrazoituz.

Zehaztapena eta malgutasuna

Oposizioarendako, zehaztazpen gutxi du onartu den aurrekontuak eta geroko, “ingo dogu” esanaz uzten ditu Udal Gobernuak proiektu asko; 2023an ere badaudela horrelakoak gaineratu. Udal Gobernuarendako, baina, horrek ez du esan gura egingo ez direnik, gauzak aldatu egin daitezke urtean zehar eta egitasmo bat atzeratu beharra arrazoi bategatik edo besteagatik eta "hain zuen ere malgutasunak horretarako aukera" ematen du.

Beste zentzu batean, Udal Gobernuaren aldetik malgutasun gutxi ikusi dute jeltzaleek baina Udal Gobernuak argitu du malgutasuna badagoela eta hitz egiteko eta elkarlanerako prest egongo direla beti. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak