Oñatiko EAJk zortzi proposamen aurkeztu dizkio Udal Gobernuaren 2024ko aurrekontuen proiektuari, pasa den astean eman baitzuen 23 milioi euroko aurrekontuaren berri. Xabier Mugartza eta Amaia Erostarbe alderdikideek eman zuten proposamenen berri atzo arratsaldean, eta guztiak direla garrantzitsuak azaldu zuten. Hala ere, musika eskolan dute jarrita arreta. Izan ere, uste dute kokapen "desegokia" duela, eta ez dela lekurik "egokiena" irisgarritasunari dagokionez. Beraz, uste dute aztertu beharrekoa dela egoera. "2023ko aurrekontuetan berrikuntzak egiteko diru lerro bat zegoen, eta orain ere bada, baina nik uste dut buelta batzuk eman behar zaizkiola. Beraz, proposatu duguna da konparaziozko azterketa egitea, estrategikoa eta arkitektonikoa".
Azterketa estrategikoari dagokionez, kokapena erabaki beharra aipatu du Erostarbek, mahai gainean bi leku jarrita: San Martin eta Olaitturi. "San Martin da Udal Gobernuak begiz jota duena; guk, aldiz, Olaitturri. Aukera horien artean begiratu beharko lirateke alde onak eta txarrak; zirkulazio fluxuak; hobekuntza eginez gero, ingurunean izango duen eragina, eta, ondorioz, herriko ekipamenduen banaketa epe ertain-luzera nola gelditzen den"
Horrez gain, azterketa arkitektonikoa egin beharra ere azpimarratu du, eraikinaren planoak egitea kokapen ezberdinetan. Bada, behin hori eginda, herri galdeketa bat proposatu nahiko luke EAJk, aztertutako aukeren artean herritarrek euren iritzia eman dezaten.
Gainontzeko proposamenak
Beste proposamenei dagokienez, berriz, Herribuseko hirugarren linea ezartzea proposatu dute, Elorregiraino iritsi dadin. Horrez gain, Kultur etxean, Herriko plazan eta Eltzian informazio pantaila bana jarri nahi dute, Zubikoa kiroldegiaren unean uneko betetze mailaren berri eman dezan software bat instalatuta; are gehiago, Arantzazuko komunak hobetzea, Kalezaharreko azken zatia urbanizatzea, Aldakiñoko bidean segurtasuna hobetzea, Bizikidetza Batzordea sortzea eta Kanpantxoko iturriaren egoera aztertzea ere helburu dituzte.
Z0rtzi proiektuen aurrekontua, guztira, 250.000 eurokoa da. "Saiatu gara begiratzen aurrekontua, hor ezarrita dauden diru lerroak, eta horregatik gure proposamenean diru lerro horiek hartu ditugu gogoan aurreikuspenak egiteko. Ez dugu krediturik eskatzeko beharrik ere ikusten. Haien aurrekontu proiektuak egiten zen kreditu txiki baten aipamena, baina guk pentsatzen dugu dagoenerako egiteko modukoa dela", erantsi du Erostarbe.
Hain justu, atzo eginiko ogasun batzordean aurkeztu zituzten zortzi proposamenak, eta, orain, espero dute Udal Gobernuak gogoan izatea eta 2024ko aurrekontu proiektuan leku bat egitea.