23.119.920 euroko aurrekontua proposatu du Oñatiko Udal Gobernuak 2024rako

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 22a, 11:34

2023koaren alderatuta, %10eko igoera izango luke aurrekontuak eta aipatzekoa da bi milioi euro jasoko dituela Udalak Next Generation funtsetatik, bederatzi proiektutarako. Horri esker, inbertsioen partidak %47ko igoera izango luke.

2024rako aurrekontu proposamena aurkeztu du Oñatiko Udal Gobernuak, 23 milioi euro izango lituzkeena eta, beti ere, aurrera egiteko, abenduko osoko bilkuran onartu beharko dutena. 2023koaren alderatuta, %10eko igoera izango luke aurrekontuak eta aipatzekoa da bi milioi euro jasoko dituela Udalak Next Generation funtsetatik, bederatzi proiektutarako. Horrez gain, 753.000 euroko igoera izan du Foru Funtsak eta, beraz, inbertsioen partidak %47ko igoera izango luke. "Guztira 4,3 milioi eurotik gora izango genituzke inbertsio ezberdinak gauzatzeko", azaldu du Izaro Elorza alkateak.

Berdintasunean oinarritutako eredua berretsiko dutela azaldu du Izaro Elorza alkateak eta, arlo horretan, nabarmentzekoa da Emakumeen Etxearen proiektuarekin jarraituko duela Gobernuak, lan horietara 600.000 euro bideratuz.

Partaidetza eta garapen komunitarioari dagokionez, 136.000 euroko partida proposatzen du Gobernuak garapen-bideko kanpo lankidetzarako diru-laguntzekin jarraitzeko eta, euskara arloan, berriz, gazteen erabilera hobetzeko ekimenez gain, Ingo Xonau proiektuarekin edota Txipristin gunea berrantolatzearekin jarraitzeko asmoa agertu dute. Halaber, sozioekonomia ere funtsezkotzat jo du Xabi Igartua Ogasun Saileko batzordeburuak. "Proposamenak erdigunean ditu tokiko merkataritza, enpresa berrien sustapena, langabetuen kontratazioa eta integrazioa".

Turismoari erreparatuz, bi partida berri aurreikusten dituzte, Next Generation funtsei esker. Turismoarekin lotutako komunikazio digitala sustatzeko eta produktu eta euskarri turistikoak eguneratzeko lirateke egitasmo horiek. 

Ongizatearen alorrari dagokion aurrekontuan %20ko igoera proposatzen dute, 2.200.000 euroko partidarekin. Kirol arloan, era berean, aipatzekoa da Zubikoa Kiroldegiko kantxa urdineko teilatua konpontzeko 278.000 euro bideratuko lituzketela eta askotariko jarduerak sustatzeko 300.000 euroko partida ere aurreikusi dute.

Lurralde Antolamenduaren baitan, hainbat partida aurreikusten dituzte, besteak beste, honako hauek: 300.000 euro, udaletxe plaza inguruko eskuartze integralerako; beste 300.000 euro leudeke irisgarritasun lanetarako eta 200.000 euro, disuasio aparkalekua egiteko.

Auzoak eta Landa Garapena sailetik, udalerriko hamasei auzoei zuzendutako dirulaguntza eta inbertsioak mantentzea da Gobernu taldearen asmoa eta bi inbertsio dira nabarmentzekoak: 200.000 euro bideratuko lituzkete Usakoko aisialdi eremuko paisaia lehengoratzeko eta 569.000 euro, berriz, Torreauzotik Zainartura bidegorrirako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak