Udana, irekita

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 31a, 14:22

Errepidea irekita, gaur kendu dute Udana itxita dagoela adierazten duen karteldegia. (Argazkia: Goiena)

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, ibilgailuentzat erabilgarri dago gaur goizetik Udana mendatea. Abenduan errepidea zartatu zuten euriteek, eta martxoa erdialdean irekitzeko saiakera egin zuten arren, gaur ireki dute ofizialki Oñati eta Legazpi lotzen dituen GI-2630 errepidea.

2021eko abenduaren 10ean, domeka, itxi zuten Udana, euriteen ondorioz errepidea zartatu zelako –Arlaban ere itxita egon zen hainbat astez–. Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi zuenez, "50 metro luzeko eustorma bat" erori zen.

Geroztik, hainbat aldiz izan da hizketagai Oñati eta Legazpi lotzen dituen GI-2630 errepidea. Urtarrilean hasi ziren konpontze lanak, Aldundiak 315.000 euroko aurrekontua esleitu ostean. Martxoaren 16an "behin-behineko errei bat" irekiko zutela iragarri arren, egun bat geroago ez zutela irekiko jakinarazi zuten, garraiolarien grebak irekitzeko falta ziren lanetan eragina zuela argudiatuta –tartean, kamioi bat ere irauli zen obretan–.

Bada, errepidea itxi eta 111 egunera, berriz erabilgarri dago ibilgailuentzat Udana mendatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak