Goizeko 10:10ean jaso du Ertzaintzak abisua: euriteen ondorioz Udanan zartatutako errepide zatia konpontzeko lanetan zebilen kamioi bat irauli da. Obren gunean bertan gertatu da ezbeharra; gidariaren kabina errepidean gelditu da, eta atoia, berriz, euste hormatik zintzilik.
Ertzaintzak Goienari jakinarazi dionez, bi anbulantzia gerturatu dira gertaeraren tokira. Zauri arinak zituen kamioilariak, eta lekuan bertan artatu dute osasun langileek; ondorioz, ez dute Arrasateko ospitalera eraman beharrik izan.
Horrez gain, eta gaur eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiak egubakoitzean "behin-behineko errei bat" irekiko dutela jakinarazi ostean, Aldundiarekin harremanetan jarri da Goiena. Beren hitzetan, gaurko ezbeharrak ez du martxoaren 18ko errepide irekieran eraginik izango.


