Udana errepidea itxita dago ibilgailuendako, bai Oñatitik baita Legazpitik ere. Soilik baserria Udanan duten auzotarrek dute baimena baserriraino autoz joateko.
Azken egunetako euriteek errepidea zartatu dute eta arriskutsu dago. Atzo, domeka, itxi zuten eta horrela jarraitzen du. Hori adierazten duten kartelak jarri dituzte mendataren hasieran, Aiastui baserriaren bidegurutzean, eta Elorregin.
Goizean dira erabakitzekoak zer nolako lanak egin behar diren eta noiz hasiko dituzten. Errepidea zabaldu arte, baina, Bergaratik bueltan egin behar da Oñati eta Legazpi arteko bidea. Oñati eta Elorregi arteko ibilgailu kopurua ohikoa baino handiagoa izango da ondorioz, eta Munazategiko biribilgunean jartzekoak diren semaforoak auto ilarak sor ditzake. Baliteke, baina, gaurko bileran semaforo horiek jartzeko erabakia aldatzea.
Autobus zerbitzua
Lurraldebusek jakinarazi du DG04 (Zumarraga>Legazpi>Oñati>Arrasate) autobus zerbitzuak soilik Oñati eta Arrasate artean funtzionatuko duela, abisu berrira arte.