Agerraldi jendetsua Oñatin Alberto Plazaolaren atxiloketa salatzeko

Atzo, astelehena, Ziburun atxilotu ostean, Alberto Plazaolaren askatasuna eskatzeko agerraldi jendetsua egin zuten iluntzean Oñatiko Foruen Plazan. Haren anaia, Gerardo Plazaola, elkarretaratzean egon zen Baionatik heldu berri zela, eta GOIENAri adierazi zionez, oraindik ez dakite zer gertatuko den euskal presoarekin. Gaur epaiketa bat izango du: "Baina prozedura ez da hor amaitzen. Astebete barru berriro epaituko dute Pauen; gure abokatuek epaiketa hori astebete-edo atzeratzea eskatuko dute prozedura ahalik eta ondoen prestatzeko", dio presoaren anaiak. 

Atzo goizean Ziburun atxilotu ostean, Alberto Plazaola preso oñatiarra Paueko Dei Auzitegiko Instrukzio epailearengana eraman zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaera tarteko. Eskaera hori aztertu artean Plazaola aske utzi edo espetxeratuko duten jakiteke dago oraindik eta datorren astean Pauen epaituko dute. Atxiloketa salatu eta herrikidearen askatasuna eskatzeko agerraldi jendetsua egin zuten atzo Oñatiko Foruen Plazan. Etxeraten arabera, “mendeku ekintza bidegabea” da Plazaolaren  atxiloketa. 

Martxotik ihes eginda

Martxotik ihes eginda zegoen Plazaola eta poliziak atzo goizean atxilotu zuen Ziburuko Zokoa auzoan. Atxilotu ostean Paueko Dei Auzitegiko Instrukzio epailearengana eraman zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindua aztertzeko. 

Datorren astean bertan epaituko dute eta orduan jakingo da espetxeratu egingo duten edo aske geldituko den. 

Kartzelan urte gehien egin dituen oñatiarra

Plazaola 1990ean atxilotu zuten Frantzian eta 2014ko abenduan geratu zen aske. Horixe ebatzi zuen orduan Auzitegi Nazionalak, Europako zuzentarau bati jarraiki, Espainian ezarritako zigorrean beste estatu baten betetako espetxe urteak kontuan hartu behar direla ondorioztatuta. Hala ere, martxoan Auzitegi Nazionalak hartu zuen erabaki horren kontra egin zuen Gorenaketa, hala, Plazaola berriz kartzelatzeko agindu zuen. Guardia Zibila martxoan joan zen haren bila, baina ez zuten etxean topatu. 

Bestalde, Etxerat elkarteak atxiloketa gaitzesi du esanez mendeku ekintza bidegabea dela eta uste du lotsagarria eta kriminala dela oihartzun mediatikoa lortzeko helburuarekin burutu den atxiloketa. Era berean, Sortuk atxiloketa bidegabetzat hartu eta errotik okerra den epai baten oinarritua dagoela salatu du.

Inoiz kartzelan denbora gehien egin duen oñatiarra da Plazaola, 24 urte egin ditu-eta espetxean. 

Erlazionatuak

Etxeratek bere "gaitzespen irmoena" adierazi dio Alberto Plazaolaren atxiloketari

Oñati

Alberto Plazaola euskal preso politiko ohiak Ziburun "jasan duen bidegabeko atxilotzea" dela-eta, Etxeratek "bere gaitzespen sendoena adierazi" du....
Alberto Plazaola atxilotu dute Ziburun

Oñati

Goizean atxilotu du Frantziako Poliziak Alberto Plazaola oñatiarra eta Baionako polizia-etxera eraman. Harako bidean jarri dira bere senitar...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.