334 korrikalari ziren parte-hartzekoak, baina 300 inguru batu dira goizeko 9:00etan Oñatiko plazako irteeran. Euriaren eraginez kresteria ingurua arriskutsu zegoen, labainkor zegoela kontatu dute korrikalariek eta ondorioz, hainbat erorketa izan dira; larrienetakoa aurreneko postuetan zihoan Joseba Molinero oñatiarrarena izan da, ondorioz lasterketa utzi behar izan du. Hala ere, antolatzaileak gustura dira gaurko emaitzarekin: "Molinerok min hartzea pena bat izan da, baina zorionez ez da ezer larririk gertatu eta susto baten geratu da guztia. Korrikalarien mailari dagokionez, berriz, esperotakoa izan da, bagenekien Walter Becera aurrealdean ibiliko zela, hiru asteko entrenamenduak eginda etorri da; eta nesketan, Alizia Olazabal edo Ainhoa Lendinez artean zegoen lehia nagusia, eta horrela izan da. Etxekoek egindako lana ere aipagarria da, duda barik, Asier Alonsok, sekulakoa egin du eta laugarrena izan da helmugan. Horrez gainera baina, herriko 90 lasterkarik parte hartu dutela nabarmenduko nuke, eta Debagoiendarrak ere asko etorri eta heldu direla plazara" azaldu du Iban Isastik.
Errekorrik ez baina sekulako mailako korrikalariak
Horrelako lasterketatan errekorrak egitea ez da erreza izaten eta are zailagoa oraindik, iaz ibilbideari egin zizkioten aldaketak direla-eta. Hala ere, korrikalariek euren onena eman dutela argi utzi dute helmugan jasotako adierazpenetan. Hona hemen hainbat parte hartzaileen esanak:
- Walter Becerra (Mutiletan azkarrena): "Ez dut nire marka gainditu, baina etorri naizen moduan etorrita, ez nago kexatzeko. datorren urtean saiatuko naiz nire denbora hobetzen eta eta baita bosgarren garaipena lortzen ere. Gogorra den arren, oso gustuko dudan lasterketa da, ibilbidea oso polita da eta ikaragarria da lasterketa barruan zein kanpoan dagoen giroa. Ikusleen animoak ikaragarriak dira".
- Alizia Olazabal (Nesketan azkarrena): "Aurreko asteburuan Berako maratoian egurra eman nuen eta ez nekien gaur nola ibiliko nintzen; baina azkenean, hirugarrenez irabazi dut eta nire denbora dezente jaistea lortu dut. Oso pozik nago, oso labankor zegoen eta min hartu barik heltzea ere asko da! Ainhoa gertutik zaindu dut eta beherako bidean aurrea hartu diot".
- Maite Zabaleta (Debagoieneko neska azkarrena): "Sufritu egin dut baina zentzazio onarekin nago. Arriskutsu zegoen, erorikoa egon da kresterian baina elkarri errespetatuta, ez da ezer larririk gertatu. Espero baino denbora hobea egin dut, asko lagundu didate mendian izan diren ikusleen animoek".
- Asier Alonso (Debagoieneko azkarrena): Oso pozik eta gustura nago egindako lanaz. Gogorra izan da; dena eman behar izan da, ibilbidea oso polita da baina oso zorrotza da. Iazkoarekin alderatuz, asko hobetu dut. Forma onean nago eta pozik. Oso hunkigarria da herrian korrika egitea eta lasterketa ona egitea. Egun borobila! Eskerrak eman gura dizkiet lagundu didaten guztiei, hotz egiten zuen arren, mendian jende asko zegoen animatzen".
Haurrak ere korrika
Helduak mendian gora zebiltzan bitartean, haurrek ere lasterketa egiteko aukera izan dute. Adinka banatuta, hiru lasterketa txiki egin dituzte plaza inguruko kaleetan zehar. Guztiak irabazle, domina bana eskuratu dute, Aloñako Igoeraren etorkizuna bermatuta dagoela erakutsiz.