Poliziaren "jazarpena" salatzeko manifestazioa deitu dute zapaturako

Maider Arregi 2015ko api. 9a, 14:34

Apirilaren 3an Ander Astigarraga gazteak jasandako atxiloketa salatzeko agerraldia egin zuen atzo, eguaztena, Oñatiko herritar talde batek. Astigarragari elkartasuna adierazi eta poliziaren "jazarpena" salatzeko manifestazioa deitu zuen zapaturako, apirilak 11, 19:00etan, Herriko Plazatik hasita.

"Bakea, demokrazia eta normalizazio politikoarena izan behar duen garai honetan Euskal Herrian indarrean dagoen biolentzia mota bakarra Guardia Zibila eta estatuarena da. Hori dela eta, berau salatu, eragotzi eta betiko amaitu dadin konpromisoak hartzea denon artean osatu behar dugun agenda demokratikoaren lerro-burua da", azaldu zuen talde oñatiarrak.

Ander Astigarraga gaztearen "jazarpena" ez dela azkenaldiko gertaera bakarra salatu zuten: "Azkenaldi honetan maiz gertatu dira gisa bereko jazarpenak. Hor daude , ikusi nahi dituen edonoren begietan, aurrekoa asteotan Oñatiko errepide sare eta mendi zabalean, Guardia Zibilak buruturiko kontrol politika itogarriaren adibide ugariak".

"Astigarragaren aurkako oldarraldi eta mehatxuak irmotasun guztiarekin salatzen ditugu. Baita haiekin batera beste hainbat pertsonek pairatu dituzten zelatatze eta jarraipenak ere. Hemen bildu garen herritarrok gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu publikoki", gaineratu zuten.

Gertaeren kontakizuna

Honela kontatu zuten gertakaria:

"Apirilaren 3an, joan den egubakoitzean, arratsaldeko seiak aldera, oñatiar gazte bat atxilotu zuen Guardia Zibilak Aloña azpiko pagadian. Gaztea basoan zebilen eta bat batean Guardia Zibilaren patrola ikusi zuen eta  normala den moduan, ezkutatu egin zen. Ordubete ezkutuan egon ostean, ikusi egin zuten eta 'Alto la Guardia Civil' esan zioten. Lurrera bota zuten gaztea eta aurpegia lokatzaren kontra jarrita eduki zuten. Ondoren, katxeatzen hasi ziren eta frakak jaisteko eskatu zioten. Guardia Zibil bat eskularruak janzten hasi zen. Gazteak ez zeukala frakak jaisteko asmorik esan zien eta orduan bortizkeriaz lurrera bota zuten. Esposatu egin zuten eta kolpeak emanez erdi arrastaka eraman zuten. Ondorioz, hanka bat zauritu du gazteak eta puntuak jarri behar izan dizkiote. Gaztea patrolean sartu zuten, esposak kenduta eta Donostiara eraman zuten. Lehendabizi ospitalera joan ziren eta zauria sendatu zioten, ondoren Intxaurrondora eraman zuten eta goizaldeko ordu biak aldera aske utzi zuten. Gaztea epaiketaren zain dago desobedientzia eta aginteari men ez egitea leporatuta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak