Maite Aristegik, kongresuko legebiltzarkideak, zera esan du: "Euskal Herritik alde egiteko ordua dute Guardia Zibilak, Espainiako poliziak eta armadak", eta Jon Iñarrituk gaineratu du: "Euren helburua euskal gizartea ito, kontrolatu eta tenkatzea da".
Hona prentsa oharra osorik:
"Nahiz eta lau urte igaro ETAk borroka armatuari behin betiko amaiera eman ziola, espainiar estatuak neurrigabeko polizia kontrolak jartzen segitzen du gure errepide eta mendietan. Herritarrek publikoki salatu duten guardia zibilaren azken erasoa apirilaren 3an gertatu zen Oñatiko Aloña mendiaren basoetan. Amaiurrek jakin nahi du zergatik guardia zibilek prakak kentzeko agindua eman zioten gazte hari, zergatik lurrera bota ondoren bere aurpegia lokatzetan igurtzi zuten eta zergatik atxilotu ostean lurretik arrastaka eraman zuten hainbat puntuko zauria egin arte. Espainiako indar armatuek Euskal Herritik noiz egingo duten alde jakin nahi du ere bai koalizio subiranistak.
Gogora dezagun, hau ez dela gertaera isolatu bat. Iaz, Josu Lizarralde oñatiar gaztea identifikatu eta basora eraman zuten guardia zibilek. Lizarraldek legez kanpoko galdeketa eta tratu iraingarria jasan zituen bertan.
Eusko Jaurlaritzako datuen arabera joan den urtean komunikaturiko hiru milatik gora errepide kontrol ezarri zituen Espainiako barne ministerioak. Nafarroako daturik ez dugu, ordea. Horregatik, apirilaren lehen astean Jon Iñarritu diputatuak kontrol horiei guztiei buruzko datu zehatzak eskatu zizkion Jorge Fernandez Diazek zuzentzen duen ministerioari. Guardia Zibilak eta Espainiako poliziak azken urte hauetan gure errepide sarean zein lurralde osoan jarritako kontrol kopurua jakin nahi du Amaiurrek.
"Egunero ikus ditzakegu gure errepideetan goitik behera armaturik dauden guardia zibil eta poliziak" dio Iñarrituk. Euskal diputatuak gai honi buruzko idatzizko hogeitik gora galdera egin ditu legealdia hasi zenetik eta "PPren gobernuak erantzun bera ematen digula" kexu da. "Nahi duena egiteko legeak ematen dion babesera jotzen du beti Rajoyren gobernuak ezer ez erantzuteko", dio Iñarrituk.