Sortuk bat egin du 'Utzi bakean oñatiarrak. Jazarpen polizialik ez!' lelopean deituriko manifestazioarekin

Goiatz Arana Begiristain 2015ko api. 10a, 13:17

Bihar, zapatua, egingo da manifestazioa Oñatin –19:00etan, Herriko Plazatik hasita-, "azken asteotan Guardia Zibilaren eskutik hainbat oñatiarrek pairaturiko atxiloketa, jazarpen, mehatxu, jipoi zein kontrol andana salatzeko". Deialdiarekin bat egin du Sortuk eta bere aldarria argia dela gaineratu: Guardia Zibilak "behin betiko eta inolako baldintzarik gabe alde" egin behar duela Euskal Herritik. Albiste barruan, alderdiak bidalitako prentsa oharra, osorik.

"Ohar honen bidez, Sortuk bat egiten du Utzi bakean oñatiarrak. Jazarpen polizialik ez! lelopean deituriko manifestazioarekin. Azken asteotan Guardia Zibilaren eskutik hainbat oñatiarrek pairaturiko atxiloketa, jazarpen, mehatxu, jipoi zein kontrol andana salatzeko bihar egingo da manifestazioa Oñatin.

Estatu espainiarrak gatazka politikoa betikotzeko egindako apustuan nabarmena da Guardia Zibilaren funtzioa. Are eta gehiago, Guardia Zibila bera da Gobernu espainiarra presionatzen duen botere faktiko nagusia, Euskal Herrian errepresioa eta ukazioa mantendu eta gatazka politikoari inolako aterabiderik ez emateko. Horren adibide, azken urteotan indar errepresibo espainiarrak buruturiko sarekadak, milaka errepide kontrolak, jazarpenak edota mehatxuak.

Ez da ezer berria, Guardia Zibilak eginkizun bat izan du eta izango du aurrerantzean ere Euskal Herrian: Mehatxu eta bortxaren bidez proiektu politiko espainiarraren inposizioa.

Horrela bada, gure aldarria argia da: Guardia Zibilak behin betiko eta inolako baldintzarik gabe alde egin behar du Euskal Herritik. Horregatik, gure babes osoa adierazten diogu Oñatin deituriko mobilizazioari, herri mobilizazioa ezinbestekoa da eta indar errepresiboak Euskal Herritik kanporatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak