Neskek, defentsa gogorra
24-20 irabazi zieten Aloña Mendiko neskek Leitzarangoei. Jon Ander Osinaga entrenatzailearen esanetan, "ondo" ibili ziren etxekoak, baina "momentu batzuetan lo" ere bai. Izan ere, bi zatien hasieran, martxan jartzea kosta egin zitzaien etxekoei eta ahulgune hori aprobetxatu egin zuten Leitzarangoek, batez ere atsedenalditik bueltan, ia markagailuari buelta ematea lortu baitzuten. Dena den, gero berriro defentsa estutu, eta markagailuko aldea berreskuratu zuten oñatiarrek.
Mutilak, denboraldiari begira
Lagun arteko partidua izan arren, gogoz hartu zuten Aloña Mendiko mutilek zapatuko norgehiagoka eta 27-22 irabazi zuten. Rafa Zulueta entrenatzaileak esan zuen partidua "polita" izan zela, eta orokorrean "sentsazio onarekin" irten zirela kantxatik. Dena den, Zuluetak uste du joko aldetik hobetu beharra dutela. Orain arte arlo fisikoa landu dutela azaldu zuen Zuluetak, eta entrenamenduetan baloia asko ukitu ez izana igarri egin zela uste du.