Futbola: Bergarak 1-3 galdu du Zarautzen kontrako ligako lehen partidua

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko ira. 13a, 20:49

Hasiera-hasieratik hasi da galtzen Bergara; etxekoen defentsa ez da fin ibili partiduan eta garesti ordaindu behar izan dute hori mahoneroek. Partidua hasi eta hiru minutura etorri da Zarautzen lehen gola eta eurek dominatu dute zelaia partiduaren lehen zatian. Bigarren zatiaren hasieran sartu dute bigarrena eta horren ostean etorri da Zarautzekoen hirugarren gola. Bergarako Ibaik etxekoen lehen gola sartzea lortu du gero, baina ez du askorako balio izan.

Partidua hasi eta hirugarren minutuan etorri da Zarautzen lehen gola; baloi luze bat hartu du zarauztarren aurrelariak eta bergararren ate barrura sartzea lortu du. Lehen zatian Zarautzekoak izan dira azkarragoak zelaian eta bergararrek aukera gutxi izan dituzte. Aukerak sortu diren kasuetan, gainera, arrisku handi barikoak izan dira.

Bigarren zatia hasi eta bi minutura etorri da zarauztarren bigarren gola. Hor ere huts egin du mahoneroen defentsak eta markagailuan aurrenak izaten jarraitu dute aurkariek. Bigarren zatiko seigarren minutuan, baina, Zarautzeko jokalari bati bi txartel hori atera dizkiote jarraian, eta ondorioz, zarauztarrak bat gutxiagorekin gelditu dira zelaian.

Orduan Bergara gehiago dominatzen hasi da baina hirugarren gola sartzea lortu du Zarautzek; taldeko defentsak baloia aurrelariari pasa eta gola sartzea lortu dute. Bergarako Ibai jokalariaren gola etorri da gero; korner batean pare bat pase egin dituzte eta buruz ondo errematatu du etxeko jokalariak. Hala ere, gol horrek ez du askorako balio izan.

Omenaldia Felix Aranbururi

Partiduaren hasieran Felix Aranburu bergararra omendu dute azken 29 urtetan klubean lan egin duelako eta bere lana eskertu nahi izan dute modu horretara. Bergara taldetik erloju bat oparitu diote bere inizialekin, liburu bat ere bai eta Eibarko Fran Garagartzak Eibar taldekoen sinadurekin betetako kamiseta bat oparitu dio. Bergarako klubak modu horretara Felix Aranburuk egindako lan guztia eskertu nahi izan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak