Marian Mellado Bergara K.E.-ko saskibaloi saileko lehendakariak azpimarratu nahi izan du "gazteei saskibaloian aritzeko aukera ematea" dela Elkartearen helburua. Melladoren ustez, garrantzitsua da jendeari saskibaloia gerturatzea, eta "ondo pasatzeaz gain, ikasteko ere balio duen kirol interesgarria" dela argitzea.
Gazteenen matrikula zabalik
Jokalari gazteenek eskolen bidez eman ohi dute izena urtero, eta dagoeneko izen emate orriak banatu badituzte ere, oraindik ez da epea bukatu.
Iaz 60 jokalari inguruk eman zuen izena bide horretatik, eta aurtengo denboraldirako ere kopuru antzekoa espero dutela azaldu du Melladok.
Maila ona
Iaz egindako lanari erreparatuta, Melladok argi adierazi du taldeek maila "ona" erakutsi dutela, eta etorkizunari esperantzaz begiratzen dio. "Datorren ikasturtera begira, aurten erakutsitako maila mantentzea da gure helburua, eta, nork daki, agian hobetu ere egingo dugu" esan du.
Melladok azaldu du jokalarien eta zaleen erantzun onak Elkartearen jardunarekin jarraitzeko gogoak suspertzen dizkiela. "Torneoak antolatzen jarraitzeko asmoa dugu", dio Bergara K.E.-ko lehendakariak.
Izan ere, aipatzekoa da talde batzuek duten zale kopurua. Melladoren arabera, gazteenen taldeek dute arrakasta gehien harmailetan, eta helduenek ere gero eta ikusle gehiago erakartzen dituzte partiduetara.