Igor Urteagak lortu du zortzi tonako kamioia gorputzarekin mugitzea

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko eka. 1a, 11:03

Asentzioko auzotarren eta oñatiarren ikusmina piztu du Igor Urteagaren erakustaldiak: zortzi tonako kamioia gorputzarekin mugitzea lortu behar zuen. Eta lortu du, gainera. Bertaratutako ikus-entzuleen iritziz, gainera, "oso erraz" lortu du horrenbeste pisatzen duen kamioa gorputzarekin mugitzea.

Oñatin ikusmin handia sortu duen erakustaldia izan da Igor Urteagarena. Asentzioko jaietan egiteko erronka hau zeukan gazteak: zortzi tonako kamioia 25 metro mugitu behar zuen gorputzarekin tiraka.


Auzotar eta herritarren artean denetariko zurrumurruak entzuten ziren erakustaldia hasi aurretik: "Oñatin sekula ez da horrelako historiarik egon, zortzi tonako kamioia gorputzarekin mugitzea harrigarria da", azaldu zuen kamioiaren proba hasi aurretik Asentzio Amilleta auzotarrak. "Baina kamioiak motor elektrikoa du", gaineratu zuen Antton Elorza oñatiarrak, brometan. "Lortuko al du?", "Gai izango ote da horrenbeste pisatzen duen kamioia tiraka mugitzeko?", galdera horiek entzuten ziren Asentziora joan ziren herritarren artean.
Ermitaren ondoan dagoen bidea jendez lepo bete zen kamioiaren erakustaldia ikusteko. Aurretik euria egin zuen eta lurra zona batzuetan bustita zegoen gainera, beraz, aurreikuspenak ez ziren oso onak. Hala ere, Urteaga ondo entrenatuta zegoen eta bere erronka ondo baino hobeto betetzea lortu zuen: hasierako ateraldian inpultsoa hartu eta 25 metroak mugitu zituen. Probak iraun zuen bitartean herritarren txaloak eta animoak entzun ziren, eta ostean, asko izan ziren Urteaga zoriondu zutenak, egindako lana aitortzeko. Koadrilakoek ere zoriondu zuten, nahiz eta barrez honakoa adierazi: "Datozen hogei urteetan proba hori egiteko gai izan dela entzun beharko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak