Horrenbestez, begirada finalean dauka orain bergararrak, eta noizko zehaztuko duten zain dago. Partidu horretan Asegarceko Ibai Zabala berriztarrari irabazten ahaleginduko da.
Tainta, pilotari osoa
Bergaratik ez zuen esperotako babesa izan Iruñeko Labrit frontoian; bai, ordea, apustuzaleen aldetik, Rezusta faborito gisa irten baitzen.
Mikel Gallastegi bergararra ibili zen botilero, eta, bere esanetan, batez ere, partiduaren erdialdea egin zitzaion zail Rezustari: "Bukaera aldean hiru tanto aurrean ipini zen Iker Tainta, eta bukaeran 20-17 ere irabazten joan zitzaion, baina Beñatek sakea hartu zuen eta zuzenean joan zen 22 tantoetara", kontatzen du.
Tainta ezagutzen zuten: "Bagenekien bera aurrelaria dela eta postura guztiak menderatzen dituela: eskumarekin airez, ezkerrarekin ere ondo eta, botera, pilotari abiadura ematen dio. Beñatek eta biok bagenekien partidu erraza ez zela izango, pilotari osoa da-eta Tainta".