Begiztatu eta ezagutu hegaztiak, udaberrian, Arantzazun [DOMEKA, 09:00]

Miren Mujika 2014ko mar. 25a, 16:22

Euskaraz eta gaztelaniaz izango da jarduera.
Udaberri hasiera da hegazti mundu zabala ezagutzeko eta behatzeko unerik egokiena. Iazko edizioak izandako arrakasta dela eta, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko hegaztiei buruzko beste saio bat antolatu du. Aurten, Mikel Olano hegaztien adituak martxoaren 30ean, goizean zehar, bere esperientzia eta ezagutza partekatuko du.

Saioaren eduki nagusia hegaztien behaketa izango da, txorien kantuez baliatuz. Jarduera berezi honetarako Arantzazu-Gomiztegi ibilbidea hautatu dute eta ornitologoaren azalpenak osatze aldera, parte-hartzaileei gomendatzen zaie prismatikoak eta bidean zehar ikuskatuko diren hegaztien xehetasunak kontsultatzeko gida bat eramateko. Arantzazu Parketxeko harrera lekuan, 09:00etan,  elkartuko dira. Bertan sarrera eskuratuko dute; helduek 5 eurotan eta  6-12 urte bitarteko haurren kasuan, 3 euro.

Egitaraua

Arantzazu Parketxeak, hegaztien etengabeko joan-etorriak aprobetxatuz, 09:00etan jarri du hitzordua, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren harrera lekuan. Parketxeko atarian taldea osatu ondoren, Mikel Olanok, gidari adituak, jardunaldiaren egitaraua azaltzeaz gain, ibilbidearen zehar argibideak eta oinarrizko gomendio batzuk emango ditu. Bere esanetan, “bisitariaren aukerak asko hobetuko dira prismatikoak eta une oro kontsultarako erabiliko duen hegaztien gida-liburua ekartzen baditu”. Kanpoko jarduera horretan hiru ordu inguru ibiliko dira.

Hegaztiak behatzen

Udaberria da hegaztiak eta beste animalia batzuk bizitza-ziklorako prestatzen diren garaia. Estalketa, habia berriaren kokapena eta eraikuntza edota horrenbesteko lan-kargarako beharreko elikagaien bilaketa izango dira, garai honetan, eguneroko zereginak. Hegaztiak dira gehien nabarmentzen direnak, egiten dituzten kantuei esker. Arantzazu leku pribilegiatua da horretarako. Kaleko zaratatik urrunduta dago eta ezer gutxi beharko du bertaratzen den horrek hegazti espezien kantu ezberdinak entzun ahal izateko.

Mikel Olano, ornitologoa

Mikel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko basozaina da; Aldundiak kudeatzen dituen hainbat gunetako ornitologia sailaren arduraduna, hain zuzen. Gipuzkoako lurraldeetako aire-gunea oso era sakonean miatua du, Aizkorri-Aratz Parke Naturalekoa eta Arantzazukoa, batik bat.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak