Zer-nolako lanaz gozatuko dute bihar Arrasaten El intérprete ikustera bertaratzen direnek?
Oso formula erraza duen lana dela esango nuke; biluztasuna, egia eta kalitatezko musika aukeraketa dira osagai nagusiak. Dena nahasten da eta orain arte egin dudan lanik zintzoena da. Baina nola izendatu obra? Iruditzen zait joera handiegia daukagula gauzak kalifikatzeko orduan. Ez da antzezlan bat, ez da musikal bat; show bat da, bere osotasunean.
Eta show horrekin ongi pasatuko dute ikus-entzuleek.
Noski, horretarako sortu baitzen, nahiz eta gogoetarako aukera ere ematen duen. Ikuskizunak aurrera egin ahala ikusleek kontzertu batean daudela uste izango dute, edo antzezlan zein bakarrizketa batean... Ez dut uste jendea aspertu egingo denik, oso dinamikoa baita.
Zuk esana da, gainera, askatasunari kantu bat dela.
Zalantza barik. Krisialdietan-eta gauzak aldatzeko bakoitzak ditugun gaitasunak zalantzan ipintzera bultzatzen gaituzte, eta iruditzen zait El intérprete lanean dena posible dela erakusten dugula. Gainera, nire bizitza ipintzen dut eredu moduan; aktore, abeslari eta, oro har, artista izateko nire ametsa oinarri hartu eta eginiko apustuari eta lan handiari esker ametsak errealitate bilaka daitezkeela erakusten dut. Jakin badakit istorioarekin identifikatzen direla sarri ikusleak eta euren ametsak jarraitzera animatu izan direla.
Biharko emanaldirako sarrera guztiak agortu izana obraren arrakastaren erakusgarri da?
Egia esan, iaz estreinatu zenetik publikoak oso ongi erantzun du eta ia toki guztietan agortu dira sarrerak. Oso-oso pozik nago.
Obrari esker, gainera, Factoria Madre Constriktor taldea sortu duzue.
Hain zuzen ere, El intérprete ikuskizunari esker sortutako enpresa bat da. Lau bazkide gara, eta gure gain hartzen dugu produkzio exekutiboa, musika zuzendaritza eta interpretazio artistikoa. Horrez gain, Factoria Madre Constriktor egitasmoak gura dugun hori egiteko bidea ematen digula gaineratuko nuke. Bide batez, esan gurako nuke ogibide honetako jende ugariren sostengua ere izan dugula helburua lortzeko, gugan konfiantza osoa izan baitute. Urtebeteko jardunean amets ugari aurrera eramatea lortu dugu, eta proiektu ugari ditugu aurretik, gainera; besteak beste, zinema, antzerki zein musika arloetan hainbat kolaborazio egingo ditugu. Ez dago gaizki, kontuan hartzen baldin badugu garaiak direnak direla, ez gaudela momenturik onenean eta kultura arloan murruak handiak direla. Baina oraindik ere asko haziko gara.
Esango zenuke askatasun handiagoa duzula lanerako?
Zalantza barik. Baina baita erantzukizun handiagoa ere, eta egin gura dudanak, gainera, zentzua izan behar du beste pertsonentzat ere.