Lehen zatiko ordu erdian Aloña Mendiko jokalariak nagusitu ziren zelaian eta baloiaren kontrola izan zuten. Unai Uribetxeberriak 10. minutuan izandako aukera garbiaren ostean iritsi zen Aloñakoen lehen gola. Tolosako atzelari batek baloia buruz ez zuen behar bezala aldendu eta balioa bere aterantz bidali zuen. Aritz Garmendiak aurrea hartu zien atzelariei eta atezainari, eta baloia atean sartzeko angelu txikia bazuen ere, asmatu egin zuen eta lehen gola lortu zuen.
Lehen zatian tolosarrek izan zituzten aukerak area ertzean epaileak adierazi zituen bizpahiru faltetan geratu ziren. Lehen 45 minutuak bukatzear zeudela, Asier Ugartek lortu zuen bigarren gola. Gol bikaina, gainera: area ertzean baloia eskuratu zuen, eta jaurtiketa loratu bidez, baloia eskuadra-eskuadratik barrura bidali zuen.
Bigarren zatia tolosarren golarekin hasi zen. Izan ere, Loran epaileak berak bakarrik ikusi zuen penaltia adierazi zuen, eta Avellanedak 2 eta 1ekoa lortu zuen panenka erara sartutako golari esker. Golaren ostean urdinek gora egin zuten eta Julen Agirreren atearen bila joan ziren. Presio horren ondorioz iritsi zen berdinketaren gola. Aloñako atzelariak eta atezaina ez ziren area txikiaren barnean zegoen baloia urruntzeko gai izan eta Blancok baloia oñatiarren sareetara bidali zuen jokaldi nahasi baten ondoren. Une horretatik aurrera, talde biek garaipenaren golaren bila aritu ziren, baina ez zen berdinketa hautsi.
Epailearekin tirabirak
Partidua hasi bezain laster, tirabirak izan ziren Loran epailearekin. Bi taldeetako jokalariei faltak eta txartelak adierazi zizkien eta horiek zalantzan jarri zituzten askotan bi aldeetako zaleek. Aloñako prestatzaile fisikoa ere kaleratu zuen epaileak.
Partiduan asko zegoen jokoan
Aloñak partidua irabaziz gero, sailkapeneko bigarren posturako borroka egiteko aukera izango luke eta tolosarrek ere hiru puntuak eskuratu nahi izan zituzten. Beraz, tentsio handiko partidua izan zen domekakoa.