ZIKLISMOA: 21 txirrindulariko taldea aurkeztu du Dorletako Amak

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko mar. 15a, 15:53

Dorletako Ama txirrindulari taldeko ziklistak.
Leintz Gatzagako Dorleta Santutegian egin dute Dorletako Ama txirrindulari taldeko denboraldi berriko aurkezpena. Guztira, zortzi alebin, bederatzi infantil eta BTTko lau ziklistek osatzen dute taldea eta neska bakarra dago denboraldi berriko taldean, aurreko denboraldian baino neska bat gutxiago lehiatuko da, beraz, aurtengo taldean.

Hauek daude alebinen taldean: Julen Alkalde, Enaitz Arkauz, Enaitz Garai, Aner Uribesalgo, Unax Santxez, Garazi Estebez, Urko Retegi eta Jon Pozos. Entrenatzailea Gaizka Beloki da.


Infantiletan, ostera, ziklista hauek hartuko dute parte: Gari Arzuaga, Oihan Uroz, Liher Unzueta, Andoni Azkarate, Asier Azkarate, Joseba Rodriguez, Iñigo Rodriguez, Martin Abarrategi eta Koldo Zubia. Horien guztien gidaritzapean dago Raul Blazquez entrenatzailea.


BTT edo mendi bizikletako taldea, bestetik, txirrindulari hauek osatzen dute: Mikel Iribekanposek, Beñat Burgik, Julen Axpek eta Markel Uriartek. Andoni Axpe izango da horien entrenatzailea.


Beste urte batzuetan baino txirrindulari gutxiago izango ditu taldeak aurten, baina Junkal Perez Dorletako Ama taldeko zuzendaritza batzordeko kideak adierazi du lan egiteko gogoz daudela: “Aurten gutxitxo gelditu gara taldean baina gauzak egiteko gogoz gatoz. Beste urte batzuetan eduki izan ditugu kadeteak, jubenilak, hiru urtetan afizionatuak ere bai... baina aurten jendea jubeniletara pasa denean ez dute jarraitu, orduan txikiekin bakarrik gelditu gara”.

Aurkezpena meza eta guzti

Leintz Gatzagako Dorletako Santutegian izan zen aurkezpena urtero moduan. Baina aurten, aurkezpenaren aurretik meza eta guzti izan zuten txirrindularien Ama Birjinaren santutegian. Ordu erdi inguru iraun zuen mezak eta apaizak mezu hau igorri zien gaztetxoei: "Txirrindulariok bata bestearen lagun izan behar zarete". Aldarean Dorletako Ama taldeko bi kamiseta jarri zituzten meza garai horretarako.

Lehenengo lasterketa, hurrengo asteburuan

Datorren asteburuan hasiko dira lasterketekin txirrindulariak eta Oñatin izango da lehenengo lasterketa. MUko fakultatearen inguruan egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak