Antxintxikako kideak bikain ibili ziren ere, bi kasuetan podiumera igo zirelako: Ander Agirre izan zen bigarren gizonezkoetan (1:54:56), eta hirugarrena, Imanol Larrañaga (Azkoitri Gsport; 1:55:24). Emakumezkoetan, Antxintxikako Lourdes Oiartzabal izan zen bigarren azkarrena (2:15:35), eta Bpxport taldeko Maria Mendivek osatu zuen podiuma (2:16:31). Gainera, Antxintxika izan zen lehena taldeen sailkapenean.
Parte-hartzaileek esaten zuten atzoko proba "gogorra, baina oso polita eta oso ondo antolatua" izan zela, eta, normalean Oñatiko duatloiak maila bikaina izaten duen arren, atzokoan orandik maila hobea ikusi zela. Gaineratzen zutenez, Oñatiko duatloia Euskal Herriko bere motako proba zailenetarikoa da.
Duatloian izena emanda zeuden 272 lagunetatik 13 ez ziren aurkeztu, eta beste 12k utzi egin zuten; 247k bukatu zuten. 10 kilometro korrika, beste 40 bizikletan eta, bukatzeko, beste 5 korrika egin behar izan zituzten.
Beharbada tramurik zailena Deskargakoa izan zen, bizikletan egin behar izan zutena. Obrak direla eta, labankor eta arriskutsu zegoen hainbat zatitan, eta parte-hartzaile batzuk jausi egin ziren; hala ere, ez zen istripu larririk gertatu eta jausitakoek kolpea bakarrik hartu zuten. Gurutze Gorriak bi gizonezko atenditu behar izan zituen; emakumezko batek hantxe utzi zuen proba.
Kategoria gorenaz gain, sari gehiago banatu ziren ere atzo. Gipuzkoako gizonezkoen txapelketa Antxintxikako Ander Agirrek irabazi zuen (1:54:56); bigarren, Azkoitri Gsport taldeko Imanol Larrañaga izan zen (1:55:24), eta hirugarren, Yepa! Triatloi Klubeko Hossain Kaanache (1:55:53, sailkapen orokorrean 5.). Gipuzkoako emakumezkoen klasifikazioan, orokorreko hiru saridun berberak izan ziren lehenengoak.
Taldekako klasifikazioan Antxintxikako kideak izan ziren lider, denetara 5:52:00ko denbora behar izanda. Ander Agirre, Mikel Mujika eta Xabier Luis izan ziren hiru azkarrenak. Bigarren postuan Urdaitri TT taldea geratu zen (5:56:25), eta hirugarrenean, Azkoitri Gsport (6:01:46). 23 urtetik azpikoetan, Mikel Ugarte (Antxintxika) izan zen lehen sailkatua gizonezkoetan.