"Nahikoa meritu izan dute horiek guztiak manejatzen!" zioen ikusle batek Ikastexeak kantari ekimenean parte hartzen duten neskatila-mutikoek zapatuanemandako kontzertuaren ostean. Eta ez zitzaion arrazoirik falta izan, 100 inguru izan ziren eta agertokira igo zirenak, Lehen Hezkuntzako 1. eta 6. maila arteko ikasleak. Frogatuta geratu zen, gaztelerazko esaerak dioen moduan, musikak piztiak baretzen dituela.
Hasieran, ikastetxeka
Kontzertuak hainbat zati izan zituen eta Anabel Henao pianista izan zuten lagun ia uneoro.
Hasteko, umeek ikastetxeka abestu zuten. Txantxiku Ikastolako kantu tailerrekoak izan ziren agertokira igotzen lehenak, eta Josu Zubiaren zuzendaritzapean Duerme negrito, This Old man eta Zeru ertzetik abestiak kantatu zituzten.
Urgain Eskolako abesbatzaren txanda heldu ostean. Miren Gurutze Plazaolak zuzenduta, hebreerazko Al Shlosa D'Varim abestia, Lau teilatu eta Engine engine doinuak kantatu zituzten; azken pieza, lau ahotsetara.
Elkar Hezi ikastetxeko abesbatzakoek, bestalde, Texas, El Tobogan eta Sua amaitzean abestu zituzten. Josu Zubia izan zen euren zuzendaria, eta magoa ere badenez, azken abestia truko batekin amaitu zuten.
Abesbatza koloretsua
Hiru ikastetxeetako ikasleek elkarrekin abestuz bukatu zuten emanaldia, eta ikastetxearen arabera kolore ezberdinetako kamiseta bat zeramatenez, kolorez bete zen agertokia. Beste hainbat abestitan bezala, kantatzeaz gain gorputza ere astindu behar izan zuten, eta fin ibili ziren horretan ere. Ganbara Txikiren hamargarren urteurreneko Hamar abestiarekin amaitu zuten emanaldia.