Bildots erre usainaren bueltan igaro da Debagoieneko Artzainen III. Eguna

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko ots. 22a, 16:29

Ardi latxa ezagutzera emateko jokoa, haurrentzako gosaria prestatzen ikasteko tailerra, ibarreko gazta ekoizleen produktuak eta burduntzian erretako 20 bildotsetatik ateratako ia 1.000 pintxoak. Ederto joan da Bergaran ospatu den Debagoieneko Artzainen III. Eguna.

Debagoieneko Pastoriek Taldeak antolatuta Debagoineko Artzainen III. Eguna egin dute gaur, zapatua, Bergarako San Martin plazan. Eguraldia lagun, poliki-poliki jendea gerturatzen hasi da plazara eta hirugarrenez antolatzen den egunak arrakasta erdietsi du beste behin.

Goizean goizetik bildots usainak hartu ditu kaleak; hain zuzen ere 20 bildots erre dituzte burduntzian, eta ondoren, 12:30ak inguruan, pintxoak banatzen hasi dira. "Zergatik bildotsak? Garaiko produktua delako", azaldu digu bildotsak erretzen aditua den Karlos Ibarrondok.

Debagoineko gazta ekoizle ezberdinek, artilezko galtzerdiak egiten dituen artisauak, Oñatiko txakolinaren saltzailea... Azoka polita antolatu dute, eta jende ugari animatu da dastatzeko ipinitako produktuak probatzera, eta baita erostera ere.

Gainera, Debagoieneko Kroxeters taldeko kideak urban knittin delako egiteko elkartu dira eta behin egin beharrekoa amaituta, pare bat zuhaitz jantzi dituzte euren lanekin.

Debagoineko Artzainen III. Egunak izandako erantzuna ikusita, ziurrenik berriz ere antolatuko dutela eman du aditzera Jon Murgiondo Debagoieneko Pastoriek taldeko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak