Eta Potologoak lanak ere jendea barrez ipini zuen; asko izan ziren Espaloira bertaratutakoak eta umorezko saioari bikain erantzun zieten ikus-entzuleek.
Bina bakarrizketa egin zituzten: Pagadik opariak eta tabernak izan zituen berbagai; Lasak ostera, anai txikia izatea zer den azaldu zuen umore klabean eta bigarren bakarrizketan teknologiak izan zituen hizpide; Aranburuk guraso izateari eta medikuei buruz egin zuen berba.
Potologuak ikusiz gero, hiru aktoreak euren paperarekin eroso sentitzen direla ikusten da, beraiek idatzi dute-eta gidoia. Eta euren bizipenetatik abiatutako bakarrizketak sortu dituzte.
Eta gainera, bakarrizketa on batek behar duen osagaiak ditu, garrantzitsuena, ikus-entzuleak egoerekin identifikatuta sentitzea. Hala, Aranburuk esaterako honako bi galdera planteatu zituen: zergatik joan behar da odola ateratzera gosaldu barik? edo zergatik estaltzen dugu pixa daraman ontzia aluminiozko papelarekin analisiak egiten ditugunean?
Oso hizkuntza naturalean, lagun-arteko giroan landu zituzten euren gaiak Espaloira gerturatu zirenen aurrean, eta horrek emanaldia gertuko izatea ekarri zuen.
Gainera, Elgetan elkartu zirenek badakite umorista hauei esker Euskal Herriko zazpi plagak zeintzuk diren: surfistak, batukadak... eta gehiago jakin gura duenak, hurrengo emanaldia ikus dezala!