Gaur egun dantza taldearen parte diren dantzariez gain, 60 urte hauetan Gorosarriren parte izan diren kideak ere dantzan aritu ziren. Mokilmazo Samalda txistulari taldearen laguntzarekin, dantzari guztiak, haur, gazte zein heldu kalejiran joan ziren Fernando Eskoriatza plazara arte. Eta bertan, hainbat dantza egin zituzten, ikusleen txalo zaparrada artean. Ane Arrieta zuzendaritzako kidea pozik azaldu zen ekitaldiarekin: "Oso eskertuta gaude espero baino jende gehiago batu delako. Garai batean dantzan ibilitako hainbatek ez dute dantzan egin baina honen parte izateko gogoa bazuten eta bazkaltzeko izena eman dute eta ikusten ere izan dira".
Aitortza txistulariei
Dantza erakustaldien ostean, sorpresa txiki bat zuten gertatuta Gorosarriko kideek. Mokilmazo Samalda txistulari taldeari, oholtzatik jaisteko eskatu eta omenaldi bat egin zieten, urte guzti horietako lana eskertzeko.
Txistulari taldea, baina, ez zen ekitaldiko omendu bakarra izan. Ekitaldiaren lehen unetik izan zuten gogoan Mario Padilla, urteurren ospakizunak bere heriotzaren urtemugarekin bat egin zuen eta. Txistulari eskoriatzarraren gidaritzapean sortu zen dantza taldea, eta taldearen urteurren honetan merezitako aitortza egin zioten.
Fernando Eskoriatza plazan egindako ekitaldi nagusi Goienak osorik jaso zuen eta maiatzaren 21ean, eguenean, emango du Goiena telebistak, 22:00etan; ondoren, Goiena.eus atarian ere ikusgai jarriko da.
Etorkizunari ilusioz
Etorkizunari ilusioz begira dago Gorosarri dantza taldea. Taldeko kideek azaldu zutenez, azken urteetan goranzko joera nabarmena izan du taldeak, eta gaur egun bizi duen egoerarekin oso gustura daude. Parte hartzea handitzen joan da pixkanaka, eta gero eta herritar gehiago ari dira dantzaren bueltan biltzen, belaunaldi berrien interesa ere nabarmen handituz. Horregatik, orain arte egindako lanari eta hartutako norabideari eutsi nahi diote hemendik aurrera ere. Dantzak herrian duen lekua sendotzen jarraitu nahi du Gorosarrik.