60. urteurreneko ospakizunetan murgilduta daude Eskoriatzako Gorosarri dantza taldeko kideak. Hainbat ekintza egin dituzte urtean zehar, argazki erakusketa bat, esaterako, baina, gaur, zapatua, egun osoko egitarau batekin ospatu dute urtemuga. 13:00etan izan dute eguneko hitzordu garrantzitsuena, ekitaldi nagusia.
Ekitaldi "hunkigarria"
San Pedro elizaren aurrean elkartu dira dantzariak. Ezohiko irudia utzi du uneak, egun dantza taldearen parte diren dantzariez gain, 60 urte hauetan Gorosarriren parte izan diren dantzariak ere bertan zirelako, dantzarako prest. Mokilmazo Samalda txistulari taldearen laguntzarekin kalejiran joan dira dantzari guztiak; haur, gazte zein heldu. Ordurako, lepo beteta zegoen Fernando Eskoriatza plaza. Bertan, hainbat dantza egin dituzte, ikusleen txalo zaparrada artean.
Ekitaldiak utzitakoarekin pozik agertu da Gorosarriko zuzendaritzako kide Ane Arrieta, ekitaldi oso hunkigarria izan dela nabarmenduz: "Oso ondo joan da, oso hunkigaria izan da. Jende mordoa egon da, dantzan zein ikusten. Gainera, espero ez genuen arren, eguraldia lagun izan dugu. Oso pozik gaude". Bere garaian dantza taldearen parte izan ziren dantzariekin batera dantzatzeko aukera ere balioan jarri nahi izan du Arrietak: "Gorosarri berrartu genuenean ez genuen perspektiban jartzen zenbat jende ibili den dantzetan. Orduan, ahal bezain beste dantzari plazan elkartu eta guztiak disfrutatzen ikustea oso pozgarria izan da".
Herritarrek eta dantzari ohiek ez dute hutsik egin, eta zuzendaritzako kideak Gorosarrik herrian oihartzun bat duenaren seinale dela aipatu du: "Ematen du baduela oihartzuna. Azken urteetan jende berri asko apuntatu da dantzara, eta hori oihartzun horren seinale izango da. Dantzarion senitartekoak etorri dira, baina, bere garaian dantzan ibili eta gaur egitera animatu ez direnak ere izan dira, modu batean edo bestean honen parte izateko".
Ikusezinak ikusaraziz
Ekitaldi amaierarako sorpresa txiki bat zuten gertatuta Gorosarriko kideek. Mokilmazo Samalda txistulari taldeari oholtzatik jaisteko eskatu eta omenaldi bat egin diete, urte guzti hauetako lana eskertzeko. Urrestik azaldu duenez, "beti hor" egon dira txistulariak, eta horregatik erabaki dute omenaldi hau egitea: "Beti hor daudelako omendu ditugu. Txistulariak dira Gorosarrin betidanik egon diren bakarrak, taldea desegin zenean txistulari modura jarraitu zuten eta".
Txistulariena ikusten ez den lana dela nabarmendu du: "Uste dugu batzuetan ikusezinak bezalakoak direla, segurutzat jotzen da jaietan, dantza egin behar denean edo ezkontzatan hor egongo direla, beti hor daudelako, baina, batzuetan beraien lana gutxietxi egiten da". Gorosarrik berrartzeak lan asko eman diela ere aipatu du zuzendaritzako kideak: "Gorosarri berhartu dugunetik lan extra asko eman diegu, errepertorio zein ekitaldi kopuru aldetik, eta beti erantzun digute jarrera oso onarekin eta inolako kexarik gabe. Gorosarriren gaur eguneko jarduna ezinezkoa litzateke txistularirik gabe, eta ezinbestekoa iruditzen zitzaigun horrelako egun batean beraiei espazio bat ematea".
Omenaldiak sorpresaz harrapatu dituela aitortu du txistulari taldeko Jon Errastik: "Omenaldia sorpresa bat izan da, eta oso hunkigarria. Guk txistua gauza natural bat bezala jotzen dugu, jo egiten dugu eta punto. Nire ustez, ez du omenaldirik merezi, guk gustuz egiten dugun zerbait da, baina, oso gustura hartzen den zerbait da, eta hunkitu egiten zaitu, noski".
Mario Padilla gogoan
Ekitaldiak izen propio bat izango balu hori Mario Padillarena litzateke. Lehen unetik izan dute gogoan, urteurren ospakizunak bere heriotzaren urtemugarekin bat egin du eta. Txistulari eskoriatzarraren gidaritzapean sortu zen dantza taldea, eta taldearen urteurren honetan merezitako aitortza egin diote, bide batez Marioren alargunari lore sorta bat emanaz: "Bere oinordekotza jaso dugu eta gu guztiontzat Mario bada norbait. Orduan, berari tarte bat eskaini ahal izatea eta Edurneri, bere alargunari, loreak eman ahal izatea hunkigarria izan da".
Bi urtemugek bat egitea kasualitatea izan dela aitortzen du Arrietak: "Egia esan gaur bere heriotzaren urteurrena zela kasualitatea izan zen, ez genuen propio aukeratu". "60 urteurrena ospatzeko egunak Marioren heriotzarekin bat egitea detaile bat edo kointzidentzia bitxi bat izan da", gaineratu du Errastik.