Gorosarri dantza taldea: 60 urteko ibilbidea, Eskoriatzari eskainita

Julen Murua Mesonero 2026ko maiatzaren 14a

Gorosarri dantza talde hainbat kide, maiatzaren 8an, entseguaren aurretik.

Dantzarik faltako ez den egun osoko egitaraua izango du Eskoriatzako Gorosarri dantza taldearen urteurrenak maiatzaren 16an, zapatuan.

"Euskal dantzak gustuko dituztenak elkartzeko tokia", "herriaren historiaren eta herritarren bizipenen parte" edo "euskal dantzarientzat babesleku" izan da Gorosarri dantza taldea, sei hamarkadaz, taldeko kide izan diren hainbatentzat. Eskoriatzar askoren topaleku bilakatu zen Gorosarri 1966an, 2024ko maiatzaren 16an zendu zen Mario Padilla txistulari eskoriatzarraren gidaritzapean dantza taldea sortu zutenean. Dantza taldearen sortzailea hil eta bi urte geroago ospatuko du Gorosarrik 60 urteotan euskal dantzen bueltan egindako lana, herriko belaunaldi askori egindako euskal kulturaren eta tradizioaren transmisioa, eta aurrerantzean herria dantzan jartzen jarraituko duen taldea izatea. Eta urte hauetan guztietan egin duten moduan jarraituko dute hori egiten: herriarekin eta herriarentzat.

Dantza taldearen lehen irteera, 1967ko maiatzean Miarritzen egin zen topaketa batera.

1968ko irailean Gorosarriko dantzariak txistulariekin batera kalejiran.

Dantza taldea baino gehiago

Dantza egite hutsetik harago, "inguruko herriak eta herritarrak ezagutzeko, kuadrilla giroa sendotzeko eta beste batzuekin nahasteko" balio izan die Gorosarrik eskoriatzarrei, dantza taldeko kide ohi Mikel Diaz de Gereñuren arabera. Noski, baina, dantza talde batek ez luke biziraungo euskal dantzak ikasi eta herrietan erakutsi gabe, eta, alde horretatik, urte hauetan "euskal dantzen oinarriak berdintsua izaten jarraitu du", taldeko kide Gorka Arresek dioenez; betiere, une bakoitzean egon den irakaslearen "ukituak gehituta".

Gorosarri dantza taldekoen arku dantza, artxiboko irudi batean.

Urte gorabeheratsuak

Gorosarri dantza taldea ez da egonkor mantendu 60 urteotan. Izan ditu gorabeherak, eta sasoi batzuetan beste batzuetan baino osasuntsuago egon da taldea; batez ere, hura osatzen zuen jende kopuruari dagokionez. Arresek dio 90eko hamarkadan "nahiko bolada ona" bizi izan zutela hamarkada batez, baina dantzari ohi Saioa Uribek gogoan du gazteagoa zenean hainbat urtetan ezin izan zutela Haurren Egunetara joan, "dantza taldeak asko murriztu zirelako eta, egun horietara joateko beharrezko jende kopurua ez zegoenez, galdu egin zelako ohitura hori".

Dantzari kopuruari
dagokionez, sasoi
gorabeheratsuak
izan ditu Gorosarri
dantza taldeak

Gehiago edo gutxiago, baina belaunaldiz belaunaldi transmititu da Eskoriatzan euskal dantzetarako grina, eta gaur egun gaztetxoen taldean diharduen Ekiñe Larringanek dio garrantzitsua dela transmisio hori egitea, Gorosarrik eskaintzen duelako "Eskoriatzan bertan euskal dantzak egiteko aukera, beste ekintza batzuetarako inguruko herrietara joan behar da eta". "Nahiko meritu" izan dute euskal dantzen tradizioari eusten lanean ibili direnek, Diaz de Gereñuren arabera, eta, "herri txikia izanda, gurasoek eta irakasleek jakin dute dantzaren kultura etengabe transmititzen". Konpromiso handia eskatzen du horrek, eta Gorosarrik 60 urteko ibilbidea egitea ahalbidetu dutenena izugarria izan da. Arresek dio dantzetan hasi zenean "autodidaktak" zirela eta, "inguruko herrietakoen laguntzarekin dantzak ikasi bitartean, gazteenei erakutsi behar" izaten zizkietela dantzok.

2025eko ekainean Arrasateko Haur Dantzarien Egunean.

Gaur egun ere konpromiso maila handia duten eta lan handia egiten ari diren herritarrak dabiltza dantza taldearen bueltan, eta hori da Gorosarri osasuntsu egotearen arrazoi nagusietakoa. 89 partaidek osatzen dute –42 haur eta 47 heldu–, eta horiek guztiak dantzan ikusteak "poztasun handia" ematen dio Diaz de Gereñuri. "Euskal dantzak gure kultura eta tradizioa dira, eta, alde batera utziz gero, berriro ere hastea oso zaila izaten da. Oso aberasgarria da ikustea gaur egungo gazteak Gorosarrin egiten dabiltzan lana eta jakitea helduagoak direnek ere dantzan jarraitzen dutela. Transmisioa gertatzen ari da eta emaitza onak lortzen ari dira. Ilusio handia egiten du horrek", gehitu du.

(Argazkiak: Eskoriatzako Udala)

Sorreratik 60 urte
igaro direla ospatu
arren, herritar
guztiei zuzendutako
jaia izango da

Herriarentzako sortutako eguna

Kontuak kontu, duela sei hamarkada sortutako taldeak –argazki erakusketan jasotako legez– gaur egun ere indartsu jarraitzen duela eta etorkizunean ere bide beretik jarraitzeko osagai guztiak dituela erakutsiko dute Gorosarrikoek zapatuan. Baina, dantza taldearen urteurrena ospatu arren, antolatzaileek garbi dute ez dela eurei mugatutako eguna soilik. "Herritar guztientzako jaia izatea nahi dugu, eta, hortaz, eskoriatzar oro gonbidatu nahi dugu egitarauko ekintzetara. Gorosarriko parte izan edo ez, jaiarekin identifikatuta sentitzea izan da hasieratik gure helburua, eta, hori dela eta, emanaldira, bazkarira edota bazkalosteko jaira etortzera gonbidatzen ditugu", adierazi dute.

Hona hemen egitaraua:

  • 10:00 Kalejira.
  • 13:00 Ekitaldi nagusia, plazan.
  • 15:00 Herri bazkaria.
  • 17:30 Erraldoiak.
  • 19:00 Larrain dantza.
  • 19:30 Matraka elektrotxarangaren emanaldia.
  • 22:00 DJ Iver.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak