Hilabete baino gutxiago falta da urteurren egunerako; dagoeneko azkenengo lanetan murgilduta zaudete?
Bai; lantalde bat osatu genuen maiatzaren 16ko urteurren ospakizun eguna antolatzeko eta guztiari forma emateko. Orain arte, horretan ibili gara; egingo ditugun ekintza guztien jarraipena egiten, alegia. Orain, azkenengo kontuak kudeatu eta eguna noiz iritsiko itxaroten gabiltza, gainean dugu eta.
60 urte ez dira egunero betetzen; nolako eguna aurreikusten duzue?
Dantza taldekoek uste dugu egun oso betea izango dela. Egun osoko egitaraua osatu dugu, eta garrantzitsuena da espero dugula Herriko Plaza Eskoriatzako dantzariz, dantzari ohiz eta dantza gustuko duen jendez betetzea.
"Espero dugu plaza dantzariz, dantzari ohiz eta dantza gustuko dutenez betetzea"
Zer duzue esku artean? Sorpresarik egongo da?
Dantza oinarri hartuta, denetariko egitaraua osatu dugu. Goizean, Gorosarri dantza taldeko kideok Eskoriatzako alde batetik bestera joango gara dantza egiten, eta, saio horri bukaera emateko, dantzari ohiekin batera egingo dugu dantza Herriko Plazan. Saioa ikustera gonbidatzen ditugu herritarrak, sorpresak egon daitezke eta. Urteurren egunarekin jarraitzeko, herritar guztiak gonbidatzen ditugun herri bazkaria antolatu dugu. Bazkaldu ostean, erraldoiak egongo dira, eta, dantza gutxi egina izango dugunez, larrin dantza herrikoia ere egingo dugu, goizean parte hartu ezin izan dutenek ere aukera izan dezaten. Ilunkera aldera, oraindik gerria mugitu gure dutenentzako elektrotxaranga egongo da, eta, eguna bukatzeko, DJ Iver-en emanaldia izango dugu.
"Dantza oinarri hartuta, denetariko egitaraua osatu dugu 60. urteurren ospakizunerako"
Zer da askotariko belaunaldiak elkartzea?
Erreferentzialtasuna bilatzea da gure helburu handiena; guztiontzat den herrigintza sustatzea. Eskoriatzan betidanik egon da dantzarako grina handia, eta galdu ezin den gauza bat dela uste dugu. Dantzari ohiak dantza egiteko gogoarekin ikusteak esan gura du badagoela dantzarekiko sentimendua, eta gaur egungo gazteok sentimendu horri eutsi eta 60 urte bete duen talde hau bultzatzeko indarrarekin jarraitu behar dugu.
Urteurrena ospatzeko ez ezik, etorkizunari eusteko ere balioko du ospakizunak?
Espero dugu balio izatea, bai. Eskoriatzako herritarrei erakutsi nahi diegu oso dantza talde polita dutela herrian. Erakutsi nahi dugu ez garela profesionalak, baina ondo pasatzera etortzen garela eta parte hartzea dela garrantzitsuena.
Zenbat neska-mutil daude gaur egun Gorosarrin? Eta zenbat talde? Osasuntsu dago dantza taldea?
Gaur egun, 89 ikaslek osatzen dugu Gorosarri dantza taldea: 42 haur dantzari daude, bost taldetan banatuta; eta 47 nagusi, lau taldetan banatuta. Esango nuke dantza taldeak egin duela bere lekua herrian; izan ere, azken ikasturte honetan talde berriak sortu dira, eta, horregatik, esango genuke dantza taldea indartsu dagoela. Gure helburua da datozen urteetan dantza taldea indartsu mantentzen jarraitzea, eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu hori horrela izan dadin.