Zuzendaritza batzorde berria eratu dute Gorosarri dantza taldea indartzeko

Imanol Beloki Unamuno 2024ko uzt. 11a, 13:38

Estatutuak eguneratu dituzte Gorosarri dantza taldeko kideek, eta Arane Zubia, Leire Astiasaran eta Dorleta Ezeiza izango dira zuzendaritzako kide berriak. Haien helburua da taldearen etorkizuna bermatzea eta emanaldiak ematen jarraitzea.

Eguaztenean, Txistularien Arratean, Mario Padilla txistulariaren eta Gorosarri dantza taldearen sortzailearen omenezko plaka aurrean egindako agerraldian eman zuten lekuko aldaketaren berri Gorosarri dantza taldeko ordezkariek. Dantza taldea duela 60 sortu arren, 30 urte bete dira Gorosarri dantza taldea birfundatu zutela, eta orain, historia errepikatu egingo da gaur egungo dantzari gazteekin. Taldea indartzeko, emanaldi gehiago egiteko eta, bereziki, etorkizuna bermatzeko asmoz egin dute urratsa, eta, beraz, zuzendaritzaren ardurak haiek hartuko dituzte orain.

Gorosarri dantza taldeko Jesus Mari Bengoetxea –lehendakaria– eta Leire Astiasaran –lehendakari berria–, gainerako ordezkariekin.

30 urteren ostean aldaketa

"Gaur egun dantzan ari den neska gazte taldea beteranoengana etorri zen, eta adierazi ziguten duela 30 urte Gorosarri dantza taldea birfundatu bazen ere, gaur egun Gorosarri dantza talde moduan ez zegoela funtzionamenduan; hau da, dantza taldea elkarte moduan ez da inoiz desegin, baina desaktibatuta egon da. Hala, erreleboa hartu, eta aldaketa hori egitea nahi zutela adierazi ziguten. Beraz, oso pozik hartu dugu haien eskaera, eta sinadura trukaketa egin eta testigua esku onetan utzi dugu", adierazi du Maider Otamendik, Gorosarri dantza taldeko kideak.

Debagoieneko Dantzari Egunean, Eskoriatzako Txistulariekin batera.

Dantzarako gogoz

Zuzendaritza batzordearen eguneraketa egiteko Gorosarri dantza taldeko Jesus Mari Bengoetxea presidentea, Igor Kortazar idazkaria eta Maider Otamendi dantzaria batu ziren, gaur egun zuzendaritza batzorde berria osatuko duten Leire Astiasaran –lehendakaria–, Arane Zubia –diruzaina– eta Dorleta Ezeizarekin –idazkaria– zein beste hainbat dantzarirekin.

Gorosarri dantza taldeko zuzendaritza berria –Leire Astiasaran, Arane Zubia eta Dorleta Ezeiza.

Astiasarenen esanetan, gogoz daude urratsak emateko: "Azkenaldian gogoz gaude dantza taldeko kideok, eta emanaldi gehiago egin nahi ditugu; herrian eta baita herritik kanpo ere. Aurten, esaterako, hutsetik hasiko den dantza talde bat sortzeko asmoa dago, eta, horrenbestez, herritarrak animatu nahi ditugu taldea ezagutzera. Beheko Errota Musika Eskolara joan daiteke galdetzera, izena ematera…".

Gorosarri dantza taldeko ordezkariak haurren dantza taldearekin, Eskoriatzako Ferixa Egunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak