Eskoriatzako fakultatean egindako elkarretaratzean batu dira Mondragon Unibertsitateko errektore Bixente Atxa, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko dekano Nagore Ipiña eta Eskoriatzako alkate Edorta Zubizarreta, beste hainbat ordezkari eta lagunekin batera. Horiek guztiek erabateko babesa adierazi diote biktimari. Mondragon Unibertsitateak "laguntzarako behar dituen baliabide guztiak" jarri ditu haren esku eta babes osoa adierazi diote bertatik. Era berean, "nahikoa dela" adierazi du guztien izenean Ainara Artetxek, Huheziko Gestio Sozialeko zuzendariak: "Ozen esan nahi dugu: nahikoa da. Emakume honek jasandako erasoa ez da gertaera isolatu bat, ezta kasualitate bat ere. Emakumeen askatasuna eta segurtasuna mugatu nahi duen egiturazko ondorioa da".
Otsailean izan zen erasoa eta joan den egubakoitzean jarri zuen biktimak salaketa. Horren ondotik egindako ikerketari jarraiki, 22 urteko gizon bat atxilotu zuten ertzainek, atzo, Arrasaten. Leporatu zioten emakume bati ikasle-egoitza batean sexu eraso bat egitea, Arrasaten bertan.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Irakasle Ikertzaileak taldeko kide Marta Quintasek adierazi du "lanean jarraituko" dutela inolako erasorik egon ez dadin: "Ez dugu onartuko emakumeen aurkako indarkeria normalizatzerik; ezta erasotzaileen inpunitate sozialik ere. Ez gure inguruan, ez beste inon. Horregatik, lanean jarraituko dugu edozein jarrera sexista gure artetik desagerrarazteko". Eta indarkeria matxistaren aurrean elkartasun unibertsitarioa eta konpromiso irmoa berretsi zituen.
Hain zuzen ere, duela hiru aste, Oñatiko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Mondragon Unibertsitateko Oñatiko campuseko aparkalekuan sexu eraso bat egiten saiatzea egotzita.
Erakundeen gaitzespena
Arrasateko Udalak irmoki salatu du urte hasieran herrian gertatu eta berriki salatu den azken sexu-erasoa. Datozen egunetan, herriko Mugimendu Feministak deituko dituen mobilizazioekin bat egitera deitu du. Hona hemen aho batez onartu duten adierazpena osorik: "Arrasateko Udalak irmoki salatzen du urte hasieran herrian gertatu eta berriki emakume batek salatu duen sexu-erasoa. Sexu-erasoa jasan duen emakumeari zuzeneko elkartasuna eta babesa adierazten dio Udalak eta indarkeria mota honi aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak bere eskura jarri ditu. Gaineratu, datozen egunetan, herriko Mugimendu Feministak deituko dituen mobilizazioekin bat egitera deitzen duela, eta herritarrei bertaratzeko gonbita eta eskaera luzatzen diela".
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak gaitzetsi egin du Mondragon Unibertsitatean salatutako sexu erasoa: "Gertakari oso larriak dira, emakumeen oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak eta unibertsitate-bizitzan zein gizarte osoan nagusitu behar diren errespetu, berdintasun eta duintasun printzipioekin bateraezinak direnak". Sailak "babes, elkartasun eta hurbiltasun osoa" helarazi nahi izan dio erasoa jasan duen emakumeari, baita haren inguruko gertukoei ere. Era berean, haren intimitatea errespetatzearen eta suspertze-prozesua babestearen garrantzia azpimarratu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere "gaitzespenik irmoena" adierazi nahi izan du eta "gertutasuna eta elkartasuna" adierazi dio emakume biktimari, eta haren senideei eta gertuko pertsonei. Gipuzkoako Emakumeen aurkako Indarkeriari Aurre Egiteko Protokolo Instituzionalaren arabera, Aldundiak bat egin du Arrasateko Udalak plazaratu duen gaitzespen adierazpenarekin.
Sexu-askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa ere, eskubide bortxaezinak direla gaineratu dute eta eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gizartean. Eta "berdintasunaren aldarrikapenean" jarri dute azpimarra.