Ertzaintzak emandako datuen arabera, joan den ostiralean, 22 urteko neska batek sexu-eraso baten biktima izan zela salatu zuen Ertzaintzaren aurrean. Ustezko erasoa Arrasateko ikasle-egoitza batean gertatu zen, joan den otsailean. Horren ondoren, 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, atzo, astelehena, sexu-eraso delitu bat egotzita.
Ertzain-etxean beharrezko eginbideak amaitu ondoren, atxilotua epailearen esku utzi dute.
Elkartasun deialdiak
Mondragon Unibertsitateak "gaitzespen eta arbuio irmoena" adierazi du, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko emakume batek jasandako bortxaketa horren aurrean. Biktimari eta haren inguruari erabateko babesa adierazi dio, "laguntzarako beharrezko baliabide guztiak" eskainita. Jardunbidearen jarraipena egingo duela ziurtatu du, eta jazotakoa gizartean dagoen egiturazko indarkeriaren ondorio dela.
Era berean, unibertsitate-komunitate osoa deitu dute elkarretaratzea egitera, Mondragon Unibertsitateko fakultate eta campus guztietan, gaur, asteartea, 12:00etan. Manifestu labur bat irakurri eta bost minutuko isilunea egingo dute.
Arrasateko udalaren gaitzespena
Arrasateko Udalak bere aldetik sexu-erasoa irmoki salatu du eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztiek egin dute salaketa hori eta emakumeari elkartasuna adierazi diote. Hona hemen, aho batez onartu duten adierazpena:
"Arrasateko Udalak irmoki salatzen du urte hasieran herrian gertatu eta berriki emakume batek salatu duen sexu-erasoa. Sexu-erasoa jasan duen emakumeari zuzeneko elkartasuna eta babesa adierazten dio Udalak eta indarkeria mota honi aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak bere eskura jarri ditu. Gaineratu, datozen egunetan, herriko Mugimendu Feministak deituko dituen mobilizazioekin bat egitera deitzen duela, eta herritarrei bertaratzeko gonbita eta eskaera luzatzen diela".