Oñatiko Enpresa Fakultateko aparkalekuan gertatutako bortxaketa saiakera salatu dute ikasleek

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 20a

Enpresa Fakultateko aparkalekuan jasotako bortxaketa saiakera salatzeko elkarretaratzea, gaur eguerdian.

Mondragon Unibertsitateak deituta, gaur eguerdian egin dute, Enpresa Fakultatearen aurrean, Campuseko aparkalekuan jasotako bortxaketa saiakera salatzeko elkarretaratzea. Oñatiko Udalak eta Perez Iglesias sailburuak ere deialdiarekin bat egin dute, gertatutakoa  "erabateko irmotasunez" gaitzesteko.

Elkarretaratzea antolatzearekin batera, Enpresagintza Fakultateak komunikatu bat argitaratu du sare sozialetan, biktimari "erabateko babesa" eskaini eta gertatutakoaren "gaitzezpen eta arbuio irmoena" helaraziz: "Gure elkartasun eta hurbiltasun osoa adierazten diegu erasoa jasan duen emakumeari zein haren inguruari. Laguntzarako beharrezko baliabide guztiak bere esku jartzen ditugu, une hauetan behar duen arreta integrala izan dezan bermatuz".

Fakultatetik jakinarazi dutenez, dagokion salaketa jarrita dago Ertzaintzan, eta jardunetan "azkar aurrera egitea eta  dagozkion erantzukizun guztiak argitzea" espero dute.

Horrekin batera, indarkeria matxista "egiturazko indarkeria" dela ere adierazi du fakultateak: "Indarkeria matxista ez da gertaera isolatu bat, gure gizartean dagoen egiturazko arazoa baizik, emakumeen duintasunaren eta osotasun fisikoaren aurka egiten duena". Horregatik, hezkuntza-erakunde bezala, "giza duintasuna eta benetako berdintasuna bultzatzen" jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute; baita bestelako eragile sozialek egunotan deitutako gaitzespen ekintzekin bat egitekoa ere.

Udalaren "gaitzespen irmoa"

Oñatiko Udalak ere bat egin du eguerdiko elkarretaratzearekin. Euren aldetik, jasotakoaren "gaitzespen irmoa" adieraztearekin batera, emakumearen erreparaziorako bitarteko espezializatuak jartzeko konpromisoa ere azaldu dute.

Bortxaketa saiakera hau indarkeria matxistaren "egiturazko arazoaren parte" dela ere gehitu dute: "Indarkeria honen helburua argia da: emakumea mendean hartzea eta gizonen boterea iraunaraztea. Indarkeria egiturazkoa denez, eraso bakoitzak inpaktu askotarikoak ditu: inpaktu zuzena du jasan duen emakumearengan eta zeharkako inpaktua du inguruko emakumeen kolektiboarengan: ezinegona, beldurra eta ziurgabetasuna sortzen ditu".

"Instituzio publikooi dagokigu sentsibilizazio, salaketa, arreta etaerreparaziorako baliabide espezializatuak eskaintzea. Gaur, indarkeriarik gabeko bizitza askea aldarrikatzea dagokigu eta hori posible egiteko berdintasun politika publiko feministak bultzatzeko konpromisoan berresten gara", amaitu du Udalak.

Sailburuak, "babesa" eskaini dio biktimari

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua den, Juan Ignacio Perez Iglesias ere elkarretaratzean izan da. Sailburuak ere "erabateko irmotasunez" gaitzetsi du bortxaketa saiakera eta "babes osoa" adierazi die biktimari eta haren ingurukoei. "Indarkeria mota ororen aurrean, eta bereziki sexu-indarkeriaren aurrean, ezinbestekoa da erantzun sendoa ematea", nabarmendu du.

Halaber, mota honetako gertakariak, erakunde akademikoek eta gizarteak gidatu behar dituzten balioekin "bateraezinak" direla ere esan du: "Genero-indarkeria, bere adierazpen guztietan, desagerrarazi beharreko gaitz larria da, eta horretarako bai erakundeek bai herritar guztiek konpromisoa hartu behar dugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak