Bortxaketa saiakera salatu eta "ardura kolektiboa" eskatu du Bargastak taldeak

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko apirilaren 19a

Foruen Enparantzan egin duten elkarretaratzean.

Egubakoitz iluntzean Oñatin izandako bortxaketa saiakera salatzeko elkarretaratzea egin du Bargastak talde feministak eta adierazi dute gertakariak mugikorretik zabaltzeak "morbo zein kotilleoak" sortzen dituela, horrekiko "ardurarik hartu gabe".

Bargastak taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute Foruen Enparantzan Biolentzia matxistaren aurrean ardura kolektiboa lelopean. Testu baten irakurketa egin dute bertan eta hauxe adierazi dute: "Asteburu honen atarian, notizia kezkagarri bezain garrantzitsu batekin amaitu genuen ostiral gaua. Gure mugikorrak piztu, eta herrian, egun argiz bortxaketa baten saiakera eman zela jakin genuen. Askotarikoak badira ere azken aldian entzuten diren berriak, inguruan harrapatzeak izua eta asaldura besterik ez du sortzen, egonezina eta kezka izan ohi dira nabari inguruan".

Hala ere, nabarmendu dute gertakaria oraingoan "gertutik" bizi izan bada ere, ez direla "kasu isolatuak", eta zoritxarrez, hainbat direla egunerokoan Euskal Herriko edozein tokitan ematen diren "biolentzia ugariak". "Ulertu behar da indarkeria matxista ez dela kasualitatea, sistema zapaltzaile honen ezinbesteko tresna baizik", esan dute.

Horrek, "hainbat aurpegi" izan ditzakeela gaineratu dute; horietako batzuk "erabat isilpeko eta zeharkakoak" izan ohi direla, "egunerokotasuneko biolentziaren parte", eta aldiz, beste batzuk, haien "intentsitate handia" dela eta, albistegietako titular bilakatzen direla. Horren adibide dela egubakoitzeko gertakizuna, eta horren aurrean "ardura kolektiboa" hartzea dagokigula.

Gertakarien zabalpena zalantzan jarri nahi izan dute: "Oñatiko herriari aipamen zuzena egitea gustatuko litzaiguke, gertakari horren zabalpena zalantzan jarriz. Alde batetik, gertakarien benetazkotasuna jakin gabe buloen zabalpena sor dezakegu. Bestalde, bikitma agerian gera daiteke, errelebantzia gutxiko ezaugarri pertsonalak zabalduz eta beraz bere anonimotasuna bermatu ezin delarik. Azkenik aipatu beharra dago magnitude hauetako gertakariak modu horretan zabaltzeak morbo zein kotilleoak sortzen dituela, horrekiko ardurarik hartu gabe. Autodefentsa feminista ez denez soilik norbera defendatzea; gure arteko aliantzak eraikiko ditugu, elkar zainduz eta biolentziari aurre egiteko gaitasun kolektibo eta politikoa garatuz. Gure bizitzak defendatzeko prest gaude, elkarrekin eta tinko".

Amaitu dute esaten ez dutela horrelako erasorik onartuko ez herrian, ezta beste inon ere eta borrokan jarraituko dutela feminismotik "sistema hau erauzi arte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak