Eskoriatzako Udalaren proposamena honakoa da:
- Astegunetan kalea itxi egingo dute, oinezkoek erabil dezaten: 16:30etik- hurrengo eguneko 06:00ak arte.
- Zapatuetan, berriz, 13:30etik-24:00etara egongo da itxita kalea.
- Eta domeka eta jai-egunetan: 00:00etik- 24:00etara izango da itxita, egun osoz, beraz.
Noranzko bakarra
Era berean, eta kalea oinezkoendako egokitu ahal izateko, ibilgailuen zirkulazioa aldatu eta uztailaz geroztik, Jose Arana kaleak noranzko bakarra dauka: Arrasaterakoa. Hori horrela, Aranburuzabala kaletik datozenendako, Bolibarko bidegurutze ondoan jarrita dagoen semaforoak jakinarazten du errepide zati hori itxita dagoen ala ez, eta baita pibota hidraulikoak eta seinale bertikalak ere.
Antsoategi biribilgunetik barrena, berriz, bakarrik Gernika plaza aldameneko aparkalekura sartu ahal da. Aurrera egin gura duenak hori egitea galarazten duen hesia aurkituko du.
Eta hori guztia osatzen, Bolibarko bidegurutzetik Antsoategi biribilgunera bitartean, saski itxurako loreontziak eta egurrez eta altzairuz egindako oholak jarri dituzte langileek.
Iritzia emateko, bi bide
Bada horren guztiaren gainean herritarren iritziak batzeko bi bide egokitu ditu Eskoriatzako Udalak:
E-posta erabilita: obraetazerbitzuak@eskoriatza.net helbidean eman daiteke iritzia.
Edo Eskoriatza.net atarian dagoen orria deskargatu eta udaletxera bertara eramanda. (Harrera ordutegia honakoa da: 10:00 – 13:00). Abuztuaren 24a aurretik egin behar da hori.