Herri giroa, kirola eta gastronomia batu dira Elgetako Sagardo Egunean

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ira. 22a, 16:49

Elgetan ospatutako Sagardo Egunean herriko eragile askoren ekintzak batu dira . Elgetako Udala, Gazte Asanblada eta Mendi Mendi Racing izan dira antolatzaile nagusiak, eta herritarrek aktiboki parte hartu zuten ekintzetan, goizetik gauera arte.

Goizean herriko ekoizleek postuak jarri zituzten plazan, eta udaletxeko balkoitik tirolina bidez jaisteko aukera ere izan zuten gaztetxoek. Intxortako igoera herrikoia ere egin zen, plazatik Intxortara eta bueltan, kronometro bidez denborak hartuz. Gizonezkoetan Unax Agirre gailendu zen, eta emakumezkoetan Goiatz Agirrek marka berria ezarri zuen, 21 minutu eta 47 segundoko denborarekin.

Egunean zehar, aldarrikapen sozialak ere presente egon ziren. Elgeta–Palestina taldeak Genozidioari stop, Palestina askatu lelopean elkarretaratzea egin zuen eguerdian.

Patata-tortilla lehiaketa

Arratsaldean, Gazte Asanbladak antolatutako patata‑tortilla lehiaketa izan zen protagonista. Guztira hamasei taldek hartu zuten parte, eta tortilla onenaren zein originalenaren sariak 1975eko Kintuak taldeak eskuratu zituen. Bigarren eta hirugarren postuak Beheko Kale eta Kutrillu taldeek eskuratu zituzten, puntu berdinekin, baina zaporearen puntuazioak erabaki zuen hurrenkera. Intxortako Gudariak taldeak, berriz, tortilla txarrenaren saria jaso zuen.

Kontzertuek harrera ona

Egitaraua gauera arte luzatu zen, eta Espaloian eskainitako kontzertuek —Babesgabe, Apunta eta Ostiada Oi! taldeekin— amaiera biribila eman zioten egunari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak