ALBISTEAK

Aratusteei ongietorria egin diete Elgetan koko-batzearekin

Sara Lanz 2025ko ots. 24a, 15:20

Zapatuan kokoak ibili ziren baserriz baserri Elgetan. Datorren astean ospatuko diren Aratusteei ongietorria egin zieten, herria bera zein inguruak aztoratuta eta jai giroa zabalduta.

Elgetan kokoak ibili ziren baserriz baserri zapatuan. Hartza neguko loalditik esnatu bezain pronto ekin zion erronda-eskeari 55 bat lagunek osatutako konpartsak. Zaratatsuak eta koloretsuak dira kokoak eta laugarren urtez iragarri dute Aratustea Elgetan. Makinatxo bat baserritan izan dira. Aurten, herriko mugak ere gainditu dituzte, eta Bergarako Ubera eta Zabaleta auzoetan ere izan dira. Bisita guztietan jokatu dute berdin: bertakoak agurtu, koplak abestu, dantzan egin eta harreragileek prestatutako edari eta jaki goxoak gozatu. Harrera bikaina izan dute eta giroa, berriz, paregabea.

Cristina Barriosek, Kokoen konpartsako masustak, lehen aldiz parte hartu zuen konpartsan eta horrelako ekintza batean parte hartzea esperientzia berri bat dela azaldu du: “Elgetan bizi garenontzat jendea ezagutzeko eta herrian parte hartzeko aukera da”. Herri txikia izanda herritarren parte hartzea oso garrantzitsua dela gaineratu du.

Urtez urte geroz eta gusturago ibiltzen da hartza, parte hartzaile guztiei bizipoza ematen dien ekintza dela azpimarratu zuen: “Hartzari zein ingurukoentzat bizipoza izugarria da. Hori da helburua, eta bata bestearekin arrimuan egotea”. Nora Etxabek, kokoen konpartsako gazteak ondo pasatzearen eta tradizioa betetzearen garrantzia adierazi nahi izan zuen. Aurreko bi puntuak bermatzeaz gain, konpartsako gazteen ardura edariak eramatea izaten da.

San Antonio etxeko Begoña Lasak, konpartsa oso bat gerturatzen ari den momentuan transmititzen duen hori zer den azaldu zuen: “Poza eta ohiturak jarraitzea oso ondo dagoela”. Berarentzako bereziagoak diren eta konpartsaren parte diren pare bat pertsonaia nabarmendu naiz izan ditu Lasak: “Hartza berezia da, eta sasi-kartia asko gustatzen zait”.

Iluntzean heldu zen eguneko beste berrikuntza handiena. Hartz txikia ere esnatu da aurten Elgetan eta ikusmin handia eragin du gainera. Salbador kaleko goiko aldean egin zuten topo bi hartzek eta une bereziki hunkigarria izan zen. Herriko plazan eta herritar ugariren aurrean egin zuten kokoek azken saioa. Ustekabe txarangak lagunduta festa amaiera ezin hobea izan zen.

Erlazionatuak

Koko-batzea giro onean ari dira ospatzen

Amaia Txintxurreta Guridi ots 22 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak