Sarrerak 15 eurotan eskura daitezke, Espaloia.com eta Kulturalive.com atarietan eta baita Espaloiako leihatilan zein Bergarako Artekale kalean dagoen Pikupe Produkzioen egoitzan ere. Goibeko euskara elkarteko bazkideendako, berriz, 10 eurotan.
Musika umporeaz jantzita
A cappella zein musikaz lagunduta kantatutako abestiak eta umorea dira Loyola Garmendiak (zuzendaria eta baritonoa), Edu Errondosorok (tenorea eta eszenaratze lanen arduraduna), Manu Romanok (baxua) eta Kike Otxoak (baritonoa) osatzen duten taldearen osagai nagusiak. "Une batez arazoak ahaztu eta ikusleari ondo pasatzeko tarte bat eskaintzea izan da Goldenek hasieratik izan duen helburua; eta, ondorioz, taldeari izaera eman dion ezaugarria. Bat nator aurrekoan egunkarian irakurri nuen honakoarekin: Osakidetzak Golden taldea errezetatu beharko lukeela, ibuprofenoa baino onuragarriagoa delako. Barrez lehertuko zarete", dio Kike Otxoa kideak.
Bizipenak, ipuin formatuan
Ordu eta erdi pasa irauten duen musika ikuskizunean, ipuin bat balitz bezala, taldearen 25 urteotako bizipenak kontatzen dituzte, off-eko ahots batek lagunduta. "Golden Apple Quartet-en esketx edo kantu ezagunak batu ditugu, bereziki; horien artean, Buen menu klasikoa, baina baita boleroak, kantu rockeroagoak, gospela... hau da, gure ibilbideko izarrak. Eta kantu berriak ere sartu ditugu", gaineratu du.
Lau aktore-abeslariak dira taularen gaineko protagonista bakarrak. "Agertokia hutsik dago, gu laurok nahikoak gara istorio hori kontatzeko. Oso dinamikoa da; orain, Alpeetan gaude, gero Veneziara goaz eta gero Afrikara...", esan du Otxoak.
Elgetara, Pikupek ekarrita
Lagun batek gomendatuta jo zuen Karlos Etxanizek (Pikupe Produkzioak) laukotearengana. Elgetara etortzeko proposamena egin eta aurrerantzean taldearen manager lanak egitea adostu zuten gero: "Oso jator hartu gintuzten, eta, taldearen manager bakarrak ez garen arren, gure eskaintza-karteran ditugu orain. Telebistan ikusita ezagutzen nituen eta 2001. urtean Bergarako Orkestra Sinfonikoarekin egin zuten kontzertuan ikusi nituen lehenengoz. Miresgarria da ahotsekin jolasteko eta barre eragiteko duten trebezia; edonork ondo pasatzeko ikuskizuna da", dio Etxanizek.
Urte amaieran erakutsi gura dute labean dutena; oraindik ere soka luzea dute, bada.