Guztira, ehun ikasle inguruk hartuko dute parte. Adin tarte zabaleko ikasleak izango dira; gehienbat, 5 urtetik aurrerako haur eta gazteak izango diren arren, helduen talderen bat ere egongo da tartean.
Musika eskola bakoitzetik hainbat talde egin ohi dira ekitaldi horretarako. Zentro bakoitzak hamar minutu izango ditu, eta, eskain dezaketenaren arabera, eskolek beraien programazioa antolatzen dute. Hala ere, bizpahiru pieza joko ditu musika eskola bakoitzak.
Hamaikagarren urtea da topaketa horiek antolatzen direla. Aurten eskoriatzarrek antolatu dutenez, azkenak joten izango direla jakinarazi du Araceli Telletxeak, Eskoriatzako Musika Eskolako zuzendariak: "Anfitrioiak garenez, bestalde, ikasleen bi emanaldiez gain, irakasleok ere obra bat joko dugu".
Antolakuntza
Debagoieneko musika eskolen topaketa antolatzeko orduan hainbat laguntza izan dituzte. Gurasoen laguntza handia izan dutela dio Araceli Telletxeak: "Ekitaldia antolatzeko orduan, batez ere". Eskoriatzako Musika Eskolako zuzendariaren esanetan, bestalde, "topaketa hauen gastuak ez dira oso handiak izango; izan ere, lokala eta materia batzuk Udalak utzi dizkigu". Era berean, Udala arduratuko da soinu ekipoaz eta material handienak kiroldegira eramateaz.
Ekitaldiaren aurretik nekatuta eta urduri amaitzen dutela dio Araceli Telletxeak, "obrak prestatzeak eta entseguak egiteak lan handia eta denbora luzea" eskatzen du-eta. Hala ere, egun polita izan ohi dela dio, eta dena ondo irtetea espero du.