Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak Debagoieneko kaleetan batuko dira eguaztenean

Mirari Altube Arrese

Azaroaren 25ak, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunak, Debagoieneko herrietako kaleak aldarriz beteko ditu; izan ere, mobilizazioak izango dira guztietan, bereziki iluntzean.

Arrasaten goiz partean ekingo diete ekitaldiei Itaiak deituta elkarretaratzeak egingo dituzte Arizmendi Ikastolako Gaztelupeko eta Arrasate BHIko sarreretan, 10:15ean, eta beranduago, 11:00etan, tailerra gaztetxean. Gazte Feministak eta Ikamak antolatuta, ostera, 12:00etan egingo dute elkarretaratzea, Herriko Plazan.

Iluntzean, beste bi mobilizazio izango dira, 18:30ean, Itaiak deituta, Herriko Plazan, eta 19:00etan, Mugimendu Feministak antolatuta, Seber Altube plazan.

Oñatin ere goiz partean abiatuko dituzte mobilizazioak. 11:00etan, ikasleen geldialdia izango da Ikamak deituta eta 12:00etan, elkarretaratzea Olakoa auzoan, Lagun Lekuk eta Oñatiko pentsiodunek antolatuta. Manifestazioa iluntzean egingo dute, 18:30ean, Euskal Herriko mugimendu feministaren leloarekin bat eginez, Ez ginen atzera egiteko jaio.

Bergaran, elkarretaratzea eta ekitaldia –performacea– egingo dute 19:00etan, Ariznoa plazan (epaitegi aurrean), Bergarako mugimendu feministak deituta.

Aramaion 18:00etan egingo dute elkarretaratzea, 2026an eraildako emakumeak gogoan. Eta Aretxabaletan eta Eskoriatzan, 18:30ean izango dira elkarretaratzeak, bi herrietako herriko plazetan. Antzuolan, 19:00etan, elkartuko dira eta Elgetan, 19:30ean, bi horietan ere herriko plazetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak