Arrasateko Emakume Txokoa: "Indarkeria matxistaren aurrean beste alde batera begiratzea ez da aukera bat"

Jokin Bereziartua Lizarazu

Amets Beltran de Gebara, Eva Abuin eta Esther Lizarralde, Emakume Txokoaren atarian. Argazkia: Arrasateko Udala. 

Azaroaren 25aren harira, Arrasateko Emakume Txokoak egitarau berezia antolatu du herriko mugimendu feministarekin elkarlanean: "Indarkeria matxistaren aurrean beste alde batera begiratzea ez da aukera bat. Errealitate hori ikusaraztea, salatzea eta hari aurre egiteko konpromiso kolektiboa indartzea ezinbestekoak dira", adierazi dute ohar bidez.

Azaroaren 25ean bi mobilizazio egingo dira: 12:00etan Gazte Feministak eta Ikamak deituta, Herriko Plazan; eta 19:00etan, Arrasateko Mugimendu Feministak deituta, Seber Altube plazan. Programazioak hausnarketarako, salaketarako eta ahalduntzerako hainbat espazio eskainiko ditu, bizipenak partekatu, errealitateak azaleratu eta sare kolektiboak indartzeko.

Hausnarketa eta salaketa

Azaroaren 18an hasiko dute egitaraua, Pamela Palenciano aktore eta ekintzaile feministaren Arrancamiento bakarrizketarekin: "Seme-alaben aurkako sexu-abusuak salatzen dituzten amen kalbario judiziala eta sistemak emakume horiei zein haurrei eragiten dien indarkeria ditu ardatz. Isilarazitako amen ahotsa entzunaraztea du helburu". Emanaldia 18:30ean izango da, Juan Arzamendi Musika Eskolako auditorioan.

Azaroaren 21ean, Autoafirmazioa eta mugak jartzea tailerra egingo dute: "Emakumeok* mugak ezartzen, ezetz esaten eta gure premiak eta desioak adierazten ikastea izango du helburu, baita tratu txarreko egoerei aurrea hartzeko eta komunikazio-estrategiak lantzeko aukera eskaintzea ere".

Azaroaren 25ean, bi mobilizazio

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean bi mobilizazio egingo dira Arrasaten. Gazte Feministek eta Ikamak 12:00etan jarri dute hitzordua Herriko Plazan. Arratsaldean, 19:00etan, Arrasateko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du Seber Altube plazan, Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoari feminismoz erantzun lelopean.

Gainera, abenduaren 12an, Autodefentsa Feminista tailerra egingo dute Emakume Txokoan: "Indarkeria matxistaren inguruko bizipenak partekatzeko, horiez hausnartzeko eta taldean indartzeko espazio seguru eta askea eskainiko dugu, autoestimu feminista oinarri hartuta". Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da Emakume Txokoan.

Azkenik, Udaleko Feminismo eta LGTBIQ+ zinegotzi Eva Abuinek indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa berretsi du, eta herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitu: "Indarkeria matxista desagerrarazteko konpromiso irmoa dugu. Konpromiso hori eguneroko lanean erakusten dugu, baita herriko eragileekin elkarlanean antolatutako ekimenen eta mobilizazioen bidez ere. Herritar guztiak animatu nahi ditugu azaroaren 25ean kalera ateratzera, indarkeria matxistaren aurkako aldarria guztiona delako eta aurre egiteko ardura kolektiboa delako".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak