Elkarretaratzea, ikasleen geldialdia, manifestazioa eta film emanaldia ditu Oñatiko Sare Feministak antolatuta biharko, hilaren 25erako, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunerako.
Manifestazioa, plazatik
Goizerako, esaterako, Ikamak geldialdiak deitu ditu herriko ikastetxeetan, eta eguerdian, aurreko urteetan moduan, elkarretaratzea egingo dute Olakoa auzoan. Eltzian egoitza duen Lagun Leku elkarteak eta herriko pentsiodunek deitutako elkarretaratzea izango da; aurten ere, adinekoek jasaten duten indarkeria izan dute gogoan, batez ere, eta hori salatuko dute. Iluntzeko manifestazioak herriko kaleak zeharkatuko ditu, plazatik abiatuta. Euskal Herri- ko mugimendu feministaren leloarekin bat eginez, Ez ginen atzera egiteko jaio. Frente al faxismo, feminismo! pankartak zabalduko du manifestazioa. Euskal Herriko gazte feministen mezua ere entzungo da: Misoginia eta transfobiaren aurrean autodefentsa feminista! Hauxe adierazi du Oñatiko Sare Feministak: "Faxismoa hedatzen ari den honetan, feminismotik egin behar dugu aurrera, eskubideen alde; ez gaude lehengora bueltatzeko". Bestalde, hilaren 26ko zine-klubean, indarkeria bikarioa jorratzen duen film bat emango dute: La buena hija.
Indarkeria eta gehiegikeria horiek salatzeko, baina, beste bi ekitaldi ere egin dituzte, Itaiak antolatuta. Zapatuan egin zituzten biak: autodefentsa tailerra goizean Eltzian eta Etxebizitza, emakumeon aurkako indarkeria-espazio; Hego Euskal Herriko erradiografia izenburuko hitzaldia eguerdian gaztetxean.
Adierazpen instituzionala
Udalak, bestalde, adierazpen instituzionala onartuko du eguenean egingo den azaroko ohiko osoko bilkuran. Idatzi bateratua aurkeztuko dute udalbatza osatzen duten alderdi biek, batzordean hala erabakita.