Ozen entzungo dira indarkeria matxistaren aurkako aldarriak Bergaran

Idoia Aranbarri Arzuaga

Azaroaren 25eko elkarretaratzea, iaz. (Argazkia: GOIENA).

Mobilizazioak, hitzaldia eta antzezlana antolatu dituzte, besteak beste.

Indarkeria matxistarik ez! Soilik bai da bai! lelopean dator aurten Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguneko egitaraua. Martxanterak eta Oñeztua talde feministek, Duintasuna elkarteak, Bedelkarrek eta Udalak antolatu dute, eta aste honetan bi ekintza egin dituzte: martitzeneko Pamela Palencianoren No solo duelen los golpes bakarrizketa; eta atzo, ikasleei zuzendutako Rednudes, nerabeen baimena eta sexu-indarkeria digitalak lantzen dituen ikuskizuna. Bihar, berriz, haurrei zuzendutako Lari Produkzioak-en Zaintzaren dantza ikuskizuna izango da ikusgai, Seminarixoan, 18:00etan. Sarrerak seminarixoa.eus webgunean eskuratu daitezke, lau eurotan.

Mobilizazioak bi egunetan

Pentsiodunek astelehen eguerdietan egiten duten elkarretaratzea aprobetxatuko dute hilaren 23an emakume helduenganako indarkeriaren kontrako manifestazioa egiteko, Duintasuna elkarteak deituta. 12:00etan elkartuko dira, Irala kalean, eta handik abiatuta herria zeharkatuko dute aldarrikapenak egiteko. Pentsioetan diskriminaziorik ez! leloa daraman pankarta aterako dute kalera. "Ikaragarrizko zifrak dira. Gizonezkoen eta emakumeen zifrak konparatzen badituzu, emakumeena %30 gutxiago da", gaineratu dute Bergarako Pentsiodunen Mugimendukoek. Horrekin batera, Azaroaren 25erako Bergarako Mugimendu Feministak antolatu duen elkarretaratzearekin bat egiteko eskatuko diete herritarrei.

Azaroaren 25eko elkarretaratzea Ariznoa plazan izango da, 19:00etan. Bergarako Mugimendu Feministak bat egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriekin, eta Ez ginen atzera eitteko jaio. Faxismoaren aurka, feminismoa lelopean egingo dute elkarretaratzea. Ostean, ekitaldia, "performance moduko bat", egingo dute, eta horretarako boluntarioak beharko dituztela aurreratu dute. "Animatu, ederra eta berezia izango da eta", gehitu dute.

Itaiaren aldarriak

Debagoieneko Itaiak ere hainbat ekintza antolatu ditu, eta Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean egingo ditu aldarrikapenak. Hilaren 14an egin zuten bailara mailako asanblada, Arrasaten, eta biharko, Etxebizitza, emakumeon aurkako indarkeria-espazio; Hego Euskal Herriko erradiografia hitzaldia antolatu dute, Bergaran, Arrasaten eta Oñatin. Bergarakoa 11:30ean izango da, UNEDen. Emakume langileek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunez eta "kalitatezko etxebizitza bermatua ez izateak haiengan dituen ondorioez arituko dira. Halaber, bailara mailako mobilizazioa egingo du Itaiak, Arrasateko plazan, Azaroaren 25ean, 18:30ean, eta ekintza horrekin egingo du bat Bergarako Itaiak ere.

Egitaraua

Azaroaren 25ari lotutako honako ekintza hauek egingo dituzte Bergaran:

Azaroak 21, zapatua

  • 11:30 Etxebizitza, emakumeon aurkako indarkeria-espazio; Hego Euskal Herriko Erradiografia hitzaldia, UNEDen, Itaiak antolatuta.
  • 18:00 Zaintzaren dantza haurrendako antzerkia, Seminarixoan, Udalak antolatuta.

Azaroak 23, astelehena

  • 12:00 Emakume helduenganako indarkeriaren kontrako manifestazioa, Irala kaletik abiatuta, Duintasuna Elkarteak antolatuta.

Azaroak 25, eguaztena

  • 18:30 Itaiaren bailarako manifestazioa, Arrasateko plazatik irtenda.
  • 19:00 Elkarretaratzea eta ekitaldia, Ariznoa plazan, Bergarako Mugimendu Feministak antolatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak