ALBISTEAK

'Etxebizitza eskubidea bermatzea exijitzeko' grebak eragina izan du bailaran

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Azaroaren 11ko greba orokorrak sektorez sektore izandako eragina nabarmena izan da. Udal zerbitzuetan eta hezkuntzan jarraipen handia izan du, baita merkataritzan eta ostalaritzan ere. Industrian, berriz, erantzuna apalagoa izan da, nahiz eta enpresa askok ateak ixtea erabaki duten.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera,  Etxebizitza eskubidea berma dadin exijitzeko eta espekulazioari ezetz esateko greba orokorrera jo dute.

Goizean goizetik nabarmendu da mugimendu txikiagoa eskualdeko industrialdeetan. Zabalik zeuden industriaguneetara iristeko errepideak moztu dituzte goizeko pikete informatiboek: Gaur greba eguna da eta Etxebizitzaren negozioari ez lelopean. 

Greba deitu dutenek etxebizitzaren auzia "guztiok" jasaten dugula seinalatu dute; "etxebizitza negoziotik ateratzen ez den bitartean", berdin jarraituko duela egoerak. "Espekulazioa debekatu, espekulatzaileak desjabetu eta etxebizitza behar sozialen arabera antolatu" izan dira greba honetako hiru aldarrikapen nagusiak.  

Goizean gosaria eta piketeak

Sindikatu deitzaileek goizean gosaria eta kalejirak egin dituzte.  Zabalik topatu dituzten komertzioetara eta negozioetara gerturatu dira greba deialdiarekin bat egiteko eskatuz. 

Bergaran, talde jendetsua elkartu da eta zabalik zegoen erdiguneko Eroskira sartuz hasi dute kalejira. Barruan aldarrikapen oihuak entzun dira. Atera direnean, Eroskiko burdin-hesia jaitsi dute. Ostean, Dia supermerkatura abiatu dira eta bidean zirela Ertzaintzako agenteak gerturatu dira. Hortik aurrera egindako kalejira guztian izan dituzte ondoan. 

Arrasaten goizeko kalejira bi zatitan banatu dute: batzuk San Andres aldean aritu dira eta besteak, erdialdetik Musakolarantz abiatu dira. Lidl kanpoan elkartu dira eta Ertzaintza agenteak aurrez-aurre izan dituzte.

Oñatin, goizeko lehen orduetan edukiontziak jarri dituzte errepidea oztopatzeko helburuarekin. Horrez gain, piketeak ere egin dituzte: herriko zenbait enpresetara joan dira, grebara batzeko eskatuz. 

Aretxabaletan ere, greba eguna aldarrikatzeko pikete informatiboak egin dituzte. 

Presentzia poliziala

ELA, LAB eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek goizeko ekintzen balorazio positiboa egin dute "jendeak gai honen aldeko borrokara batzeko pauso bat" eman duela gaineratuz. Hala ere, goizeko bostetan hasi direnetik jasan duten presentzia poliziala salatu dute. Debagoieneko Kontseilu Sozialistak sare sozialetan adierazi du Arrasaten, gutxienez, bost pertsona identifikatu dituztela; Bergaran, gutxienez, hamar, eta Oñatin, bat. 

Ertzaintzak jakinarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan: hamahiru pertsona atxilotu, hiru ikertu eta 155 identifikatu dituela orain arte greba orokorrean izandako istiluengatik. 

Eragina bailara mailan

Bailara mailan, Debagoieneko Mankomunitatea itxita dago, baita herri gehienetako udal zerbitzuak eta ikastetxeak ere –Aramaioren kasua berezia da, San Martin egunez urtero egoten baitira itxita udaletxea eta eskola–.

Komertzioetan eta ostalaritzan ere zabala izan da grebaren eragina. Industrian, erantzuna txikiagoa izan da baina enpresa askok itxi dute. 

Goiena Komunikazio Taldeko langileek ere bat egin dute deialdiarekin, nahiz eta grebaren jarraipena egiteko zerbitzu minimoak egon diren.

Eibarreko manifestazioa

Goizeko kalejiren ostean kotxe topaketak egin dituzte Debagoieneko herrietan Eibarko mobilizaziora bertaratzeko. 

Debagoieneko zutabea 11:30ean elkartu da Urkizu plazan eta bertatik elkarrekin joan dira ehundaka debagoiendar 12:00etan Untzaga Plazatik hasi den manifestaziora batzeko. Mobilizazio jendetsua izan da, Debagoieneko Kontseilu Sozialistak adierazi du: 8.000 lagun elkartu direla guztira Eibarren.  

Arratsalderako hitzorduak

Arratsaldean, bailarako herrietan daude manifestazioak deituta: 

  • 18:00: Arrasaten, Maiatzaren Bata plazatik.
  • 18:00: Bergaran, Irala kaletik abiatuta.
  • 18:00: Oñatin, herriko plazatik abiatuta.
  • 18:00: Eskoriatzan, herriko plazatik.
  • 18:30: Aretxabaletan, herriko plazatik.
  • 18:30 Elgetan, elkarretaratzea, plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak