Goizeko lehen orduetan piketeak enpresa eta saltoki handietan ibili dira eta errepideak ere moztu dituzte, besteak beste, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin. Tentsio-uneak ere egon dira. Debagoieneko Kontseilu Sozialistak sare sozialetan adierazi du hainbat pertsona identifikatu dituztela Arrasaten, Bergaran eta Oñatin, baina Ertzaintzak azaldu du identifikatuen balantze orokorra "aurrerago" egingo duela.
Gosariak egin dituzte Arrasaten, Oñatin, Bergaran eta Aretxabaletan, eta ostean, pikete informatiboak ibili dira herrietako alde zaharrean. Orokorrean, herrietako ia komertzio, taberna eta zerbitzu gehienek ez dituzte pertsianak igo, baina batzuk izan dira lanera joan direnak. Kasu batzuetan, goizeko ordu batzuetarako ireki dituzte saltokiak. Arrasaten eta Bergaran, esaterako, hainbat supermerkatu eta denda ixtea lortu dute goizean zehar. Herri gehienetako udal zerbitzuak eta ikastetxeak ere itxita daude, eta Debagoieneko Ospitalean, zapatuetan moduan ari da lanean, oinarrizko zerbitzuei dagokienez. Lantegi handi askok ere grebara jo dute. Garraio publikoari erreparatuta, autobusen gutxieneko zerbitzua %30ekoa da.
Eibarren 12:00etan abiatuko da Deba bailarako manifestazio orokorra. 11:30ean elkartuko da Debagoieneko zutabea Eibarko Urkizu plazan. Aramaion, auto-karabana egin dute frontoitik abiatuta, eta goizean, Gasteizko manifestazioarekin egingo dute bat. Arratsaldean, bailarako ia herri guztietan izango dira mobilizazioak.
- 18:00 Arrasate, Maiatzaren Bata plazatik.
- 18:00 Bergaran, Irala kaletik abiatuta.
- 18:00 Oñatin, herriko plazatik abiatuta.
- 18:00 Eskoriatzan, herriko plazatik.
- 18:30 Aretxabaleta, herriko plazatik.
- 18:30 Elgetan, elkarretaratzea, plazan.