Lanuzteak eta mobilizazioak protagonista gaur Debagoienean ere

Eneko Azurmendi Barrena

Herritar bat, grebaren pintaketari begira, Arrasaten.

Etxebizitza eskubidea bermatzea eskatzeko, greba orokorra deitua dute gaurko hainbat sindikatuk. Deba bailarako manifestazio orokorra Eibarren egingo dute, 12:00etan. Arratsaldean, bailarako ia herri guztietan izango dira mobilizazioak.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, greba orokorrera deitu dute gaurko, azaroak 11, eta eragin nabarmena izatea espero da Debagoienean ere. Funtsean, grebaren helburua da etxebizitza eskubidea bermatzea exijitzea eta espekulazioari ezetz esatea. Hori horrela, hiru neurri aldarrikatu dituzte: espekulatzaileak desjabetzea, jarduera espekulatiboaren debekua eta etxebizitza zein horretarako bitartekoak langileriaren beharren arabera antolatzea.

Zerbitzu batzuk, itxita

Grebak, esan moduan, eragin nabarmena izatea espero dute sindikatuek. Debagoieneko Mankomunitatea, esaterako, itxita egongo da, baita herri gehienetako udal zerbitzuak eta ikastetxeak ere –Aramaioren kasua berezia da, San Martin egunez urtero egoten baitira itxita udaletxea eta eskola–. Debagoieneko AEK-k, era berean, greba egingo du eta, beraz, ez du zerbitzurik emango.

Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak zehaztu ditu eta Debagoieneko Ospitaleak zapatuetan moduan egingo du lan oinarrizko zerbitzuei dagokienez. Horrek esan gura du larrialdi zerbitzuetan %100 bermatuta egongo dela, baita beste hainbat unitatetan ere –dialisiak, programatutako tratamendu onkologikoak, erditzeak, ZIUak...–.

Garraio publikoari erreparatuta, autobusen gutxieneko zerbitzua %30ekoa izango da gaur. Beraz, ordutegiak mugatuagoak izango dira egun osoan zehar.

Debagoieneko lantegi handi askok grebara joko dute, baina badira normaltasunez lan egingo dutenak ere. Greba egingo dutenen artean, Arrasaten, Fagor Automation eta JMA daude, besteak beste; Bergaran, Arcelor Mittal edota Lazpiur Mechanics; Oñatin, Ulma Packaging, Hijos de Juan Garay, Txintxurreta eta Natra, besteak beste; eta Aretxabaletan, Copreci, esaterako.

Greba egingo ez duten lantegiak, edozelan ere, badira batzuk. Arrasaten, Fagor Electronican, Fagor Arrasaten edota Laboral Kutxan normaltasunez egingo dute lan; Oñatin, Ulma Polimeron eta Ulma eraikuntzan ere ez dute grebarik egingo, ezta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatean ere.

Goiena Komunikazio Taldeak bat egin du grebarekin eta zerbitzu minimoak izango dira, hain zuzen ere, grebaren jarraipena egiteko.

Hainbat mobilizazio bailaran

Goizean goizetik piketeak dabiltza bailarako hainbat lantegitan. Ondoren, Bergaran, esaterako, saltoki handietara joango dira, 08:30ean –Eroski, Super Amara, Dia...–. Arrasaten, ordu berean, gosaria egingo dute herriko plazan eta 09:00etan, aldiz, pikete informatiboak alde zaharrean. Oñatiren kasuan, 08:00etan Antixena gaztetxean gosaldu ostean, 09:00etan hasiko dira pikete informatiboekin.

Deba bailarako manifestazio orokorra Eibarren egingo dute, 12:00etan, eta Debagoieneko adarra 11:30ean abiatuko da, Urkizu pasealekutik. Hori dela eta, bailarako herrietan autoz joateko topaketak egingo dituzte, eta 10:30etik 10:45era bitartean abiatuko dira Eibarrera, herriaren arabera. Aramaioarrak Gasteizko mobilizaziora joango dira, eta 10:30ean gelditu dira frontoian, elkarrekin autoz joateko. 

Arratsaldean, bailarako ia herri guztietan izango dira mobilizazioak. Arrasaten, 18:00etan abiatuko da manifestazioa, Maiatzaren Bata plazatik –aramaioarrek bat egingo dute mobilizazioarekin–; Bergaran, Oñatin eta Eskoriatzan ere ordu berean hasiko da, Irala kalean, eta herriko plazetan, hurrenez hurren; Aretxabaletako manifestazioa 18:30ean hasiko da, herriko plazan, eta Elgetan elkarretaratzea egingo dute ordu berean, hori ere plazan. Antzuolan eta Leintz Gatzagan ez da mobilizaziorik egongo.

Debagoieneko mobilizazioak

  • Manifestazioak edo elkarretaratzeak:
    • 12:00. Eibarren.
    • 18:00. Arrasate, Maiatzaren Bata plazatik.
    • 18:00. Bergaran, Irala kaletik abiatuta.
    • 18:00. Oñatin, herriko plazatik abiatuta.
    • 18:00. Eskoriatzan, herriko plazatik.
    • 18:30. Aretxabaleta, herriko plazatik.
    • 18:30. Elgetan, elkarretaratzea, plazan.
  • Arrasate:
    • 08:30. Gosaria Arrasateko herriko plazan.
    • 09:00. Pikete informatiboak alde zaharrean zehar.
    • 10:45. Lidl-eko aparkalekuan, autoz Eibarrera joateko topaketa. 11:30ean irtengo da Debagoieneko zutabea, Eibarko Urkizu pasealekutik Untzagara.
  • Oñati:
    • 08:00. Gosaria (Antixena gaztetxean).
    • 09:00. Pikete informatiboak (Herrian zehar).
    • 10:30. Eibarrera autoz joateko topaketa (Mondragon Unibertsitatean).
    • 15:00. Bazkaria (Plazan).
    • 16:30. Kafe tertulia (Plazan).
    • 18:00. Manifestazioa (Plazatik).
  • Bergara:
    • 05:20. Kanposantuko aparkalekuan, piketeak hasteko enpresetan.
    • 08:30. Saltoki handietan piketeak. Eroski, Super Amara, Dia…
    • 09:00. Herriko komertzioetatik kalejira, Fraiskozuri plazatik abiatuta.
    • 10:45. Auto topaketa Eibarrera joateko, hilerriko aparkalekuan. 
    • 12:00. Manifestazioa Eibarko Untzaga plazan. 
    • 14:00. Greba Gunearen irekiera Irala kalean: bazkaria, kafea…
    • 16:00. Etxebizitza problematika eztabaidagai.
    • 18:00. Manifestazioa Irala kaletik abiatuta.
  • Aretxabaleta:
    • 05:15. Pikete informatiboak herriko plazatik.
    • 08:30. Gosaria Iralabarri plazan.
    • 09:00. Pikete informatiboak Iralabarri plazatik.
    • 10:00. Kotxe-karabana Azbetik.
    • 10:30. Eibarrera autoetan.
    • 12:00. Mobilizazioa Eibarren, Untzaga Plazan.
    • 18:30. Aretxabaletako mobilizazioa, Herriko Plazan.
  • Aramaio:
    • 08:30. Auto-karabana, frontoitik.
    • 10:30. Gasteizko manifara joateko topaketa, frontoian.
    • 14:00. Bazkaria gaztetxean.
    • 17:15. Arrasateko manifestaziora joateko topaketa, frontoian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak