Greba orokorrera deitu dute, etxebizitza eskubidea bermatzea eskatzeko

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Etxebizitza Sindikatu Sozialistako, ESK-ko, LABeko eta ELAko ordezkariak, greba orokorreko kartel bateratuekin. 

Azaroaren 11n Eibarren eta Debagoieneko herrietan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko dei egin dute.

Datorren eguaztenerako, azaroaren 11rako, greba orokorra deitu dute: ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera. Etxebizitza eskubidea berma dadin exijitzeko eta espekulazioari ezetz esateko lantegiak hustu eta kalera ateratzeko dei egin dute. 

Hezkuntza eta osasungintza diren neurri berean, etxebizitza "eskubide bermatua" izan behar dela diote greba deitu dutenek, eta espekulazioa jo dute egoeraren oztopo nagusitzat. Horri aurre egiteko, hiru eraldaketa proposatu dituzte: espekulatzaileak desjabetzea, jarduera espekulatiboaren debekua eta etxebizitza zein horretarako bitartekoak langileriaren beharren arabera antolatzea. 

Grebaren aldarriak, ordea, etxebizitzaren auzitik harago doaz. Langileen "pobretzea geldiaraztea" eta soldatak igotzea ere eskatu dute, "bizitzaren kostuaren igoerak, etxebizitzaren garestitzeak eta soldaten bilakaerak" langile klasearen egoera "zaildu" dutela salatuz.

Etxebizitza herritarrentzat

Etxebizitza-politikaren norabidea aldatzea da sindikatuen proposamen nagusietako bat. LABek eskatu du irabazi pribatuak eta higiezin patronalaren interesak politikaren erdigunetik ateratzea, etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko. ELAk inbertsio-funtsen eta espekulazio-sozietateen jarduna mugatzeko neurriak proposatu ditu; LABek ere putre funtsak desjabetu eta Euskal Herritik kanporatzea proposatu du. Greba deitzen duten eragileak bat datoz etxebizitza merkatuaren eta interes pribatuen menpe egoteari utzi behar diola esatean. 

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, alderdi politikoek sakoneko neurririk hartzen ez dutela seinalatu dute, langile klasearen onurarako hartu diren neurriak aldi baterako direla adieraziz. Horregatik, "sozialdemokraziaren errezetak agortuta", langile klasearen antolakuntza independentea ezinbestekotzat jo dute. ESK-k argi dio "gutxi batzuen onura" lehenesten duten erabaki politiko eta ekonomikoen emaitza bizi duela langile klaseak eta, beraz, "arduradun zuzenak" daudela. 

Alokairuak eta etxegabetzeak

Etxebizitza eskuratzeko zailtasunei aurre egiteko berehalako neurriak ere eskatu dituzte. Alokairuen prezioak jaistea eta etxegabetzeak amaitzea dira horien artean nagusiak. Alokairuaren arloan, kontratu mugagabeak edo iraupen luzekoak ezartzea proposatu dute LABek eta ELAk. Etxegabetzeei dagokienez, bizitoki alternatiba egokirik ez duten pertsonen kaleratzeak etetea nahi dute. ELAk alokairuaren prezioen interbentzioa ere eskatzen du. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak espekulazioa debekatzearen baitan kokatzen du etxebizitzen salerosketa debekatzea edo alokairua bera debekatzea; alokairuaren zentzua, "langile familien soldata arpilatzea" dela argudiatuta. 

Gutxieneko soldataren igoera

Zortzi hilabete besterik ez dira igaro martxoko greba orokorrean Euskal Herriko kaleak 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldarriz bete zirenetik. Eskaera hori ez da eten, eta "soldata arrakalak amaitzeko egiturazko neurriak" eskatzen ditu LABek. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nabarmendu du azken urteetan oinarrizko beharren kostua nabarmen igo dela soldaten zenbatekoarekin alderatuta. "Erregaien, elikagaien eta etxebizitzaren prezioen gorakada" aipatu ditu, eta "egoera jasanezina" dela ohartarazi. 

Etxeak "feminismotik eraiki"

Euskal Herriko Mugimendu Feministak, langile izatetik harago, "emakume, sexu-genero disidente edota migratu eta arrazializatu izateak ere pobretzen" dituztela aldarrikatu du. Indarkeria egoeretan dauden emakume* ugarirentzat etxea "indarkeria bikoitza jasateko lekua" dela eta, horrekin amaitzeko baliabideak ere exijituko dituzte.

Mobilizazioetara batzeko deia

Aste honetan, Debagoieneko hainbat enpresatan grebarekin bat egitea bozkatu dute langileek, eta horietako askotan baiezkoak irabazi du; esaterako, Arizmendin, Ulma Packaging-en, Coprecin, Fagor Automotionen, Hijos de Juan Garayen eta JMAn.

Grebarekin bat egingo duten langileak mobilizatzeko, eguneko lehen manifestazioa Eibarren egingo dute, 12:00etan, Untzaga plazatik abiatuta. Arratsaldean, Debagoieneko herrietan egingo dituzte mobilizazioak, 18:00etan hasita: Arrasaten, Maiatzaren Bata plazatik hasiko dira; Bergaran, Munibe plazatik; eta Oñatin, Eskoriatzan, Elgetan eta Aretxabaletan, herriko plazetatik. Azken bietan, mobilizazioak 18:30ean izango dira.

Xabi Llodio, LAB-eko ordezkaria

"Euskal Herritik Euskal Herrirako greba egitea aldarrikatzen dugu, marko propioa indartzeko soldata eta etxebizitza eremuetan"

 

Amagoia Unanue, ELA-eko ordezkaria

"Euskal erakundeei etxebizitza politiketan norabide aldaketa erradikala exijituko diegu, euskal langilegoaren eskubideak bermatu daitezen"

 

Unai Garcia, Etxebizitza Sindikatu Sozialistako ordezkaria

"Langile klasearen antolakuntza independientea, erreformismotik eta elektoralismotik harago doana, beharrezkoa da etxebizitzaren auziari aurre egiteko"

 

Piter Encinas, ESK-ko ordezkaria

"Greba egunean mobilizatu egin behar dugu, 'etxebizitza eskubide bat da' esaldia langileentzat errealitate bihurtu dadin, espekulazioari aurre egiteko"

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak