Aretxabaletako Otalora jauregian hasi dute bisita. Iristean, Pello Rodriguez Mondragon Taldeko presidenteak egin die harrera, beste ordezkari instituzional eta korporatibo batzuekin batera. Kazetariendako tartearen ostean, barrura sartu dira eta bilera pribatua egin dute.
Mondragon Taldeko arduradunek taldearen ibilbidea eta bilakaera aurkeztu diete, baita datozen urteetan haren garapena gidatuko duten ildo estrategiko nagusiak ere. Testuinguru horretan, kooperatibek "kalitatezko enplegua sortzeko, industria-sarea sendotzeko eta lurraldean errotutako aberastasuna sortzeko egiten duten ekarpena" nabarmendu dute taldeko arduradunek.
Era berean, kooperatiba-ereduak erabateko gaurkotasuna duela azpimarratu du, "nazioarteko lehiakortasuna, berrikuntza, pertsonen parte-hartzea eta konpromiso soziala uztartzeko gai den enpresa-formula gisa".
Horrekin batera, Europak zein industriak aurrean dituzten erronka handietako batzuei erantzuteko, "enpresa sendoak, berritzaileak eta epe luzerako ikuspegia daukatenak" behar direla adierazi du Rodriguezek. "Hala nola eraldaketa teknologikoari, trantsizio energetikoari, talentua erakartzeari edo berrindustrializazioari".
Ondoren, Oñatira
Otalora bisitatu ostean, Onnera Group S. Coop. kooperatibak Oñatin dituen instalazioetara joan dira, garbitegi profesionaletarako, osasun-sektorerako eta ostalaritzarako soluzio integralak garatzera bideratuta dagoen lantegi berria bisitatzera.
Instalazioetan egindako ibilbidean, hainbat ekoizpen-prozesu, garapen teknologiko eta industria-gaitasun ezagutu dituzte. Horren harira, zera adierazi dute Mondragon Taldeko ordezkariek: "Kooperatibak Frantzian, Polonian eta Mexikon ere baditu lantegiak, nazioarteko merkatuetan jarduten du, eta Mondragonek berrikuntzaren, industria-espezializazioaren eta balio erantsi handiko fabrikazioaren alde egiten duen apustuaren adibide da".
Azkenik, Mondragon Taldeko kooperatibek "mundu mailako lehiakortasuna indartzeko egiten duten ahalegina" erakutsi diete Espainiako erregeari eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. "Horretarako, teknologian inbertitzen dute, digitalizazioa sustatzen dute eta bezeroen negozio profesionalak indartzen dituzten soluzio eraginkor eta efizienteak garatzen dituzte", azpimarratu du Rodriguezek.