Debagoieneko Ernaik deituta eta Gurea Euskal Errepublika lelopean mobilizatu dira gaur, 19:00etan, Arrasaten, Debagoieneko ehundaka gazte, Felipe VI.ak Aretxabaletan eta Oñatin egin dituen bisitak salatzeko. Espainolak ez direla eta Erregeak ez dituela ordezkatzen ozen aldarrikatu dute manifestazioan izan direnek, eta Erregea ongi etorria ez dela ere adierazi dute; "ez hemen, ezta Euskal Herriko beste txokoetan ere".

Erregeak "Euskal Herriaren zapalkuntza nazionala eta soziala betikotu eta zilegitu" egiten dituela adierazi du Debagoieneko Ernaiko kide Aner Idigorasek. Gaineratu du "egungo Espainiar estatua frankismoak ezarritako logika politikoen jarraipen gisa" ulertu behar dela, eta horrek "gure herriaren kultura, hizkuntza, memoria zein borondate politikoa zapaldu, eta garatzeko aukerak mugatu" egiten dituela.
"Faxismoaren aurkako euste horma indartzea" ere aldarrikatu dute manifestariek, eta horretarako "faxismoaren adierazpide oro gaitzetsi eta balore eraldatzaileek ardaztutako herri bat aldarrikatzea" ezinbestekoa dela adierazi; "Vito Quiles agitatzaile faxistaren etorrerarekin Iruñean eta Bilbon egin dugun bezala".

Datozen mobilizazioetarako deia
Era berean, aipatutako "faxismoaren aurkako euste horma indartzen jarraitzeko, dei egin diete debagoiendarrei, datozen mobilizazioetan parte hartu dezaten: "Azaroaren 11ko Etxebizitza duinaren aldeko greba orokorrak aukera ematen digu Euskal Herrian bertan gure errealitate politiko, sozial eta ekonomiko propioei erantzun bat emateko, eta hori guztia Euskal Herritik Euskal Herrira begira egiteko. Azaroaren 14an, gure amaren etxea defendatuko dugu Bilboko kaleak hartuko dituen olatu independentista erraldoiaren parte izanez; eta azaroaren 29an, inor etxean gera ez dadin, aktibatuz. Bide horretan dei egiten diogu eskualdeko gazteriari, datozen egunetan herriz herri antolatu ditugun elkarguneetan parte hartzera".