Debagoieneko GKSk Espainiako "erregearen zuriketa" salatu du Aretxabaletan eta Oñatin

Oier Zumarraga Aranburu

Debagoieneko Gazte Koordinadora Sozialistak gaur 18:30ean egingo ditu mobilizazioak bi herrietako plazetan, Erregearen zuriketarik ez! lelopean. Mondragon Taldeari egotzi dio Espainiako erregearen bisita ahalbidetzearen erantzukizuna.

Espainiako Felipe VI.a erregeak gaur, martitzena, Debagoienera egin duen bisita salatzeko elkarretaratzeak egin ditu Debagoieneko Gazte Koordinadora Sozialistak, Aretxabaletan eta Oñatin. Aretxabaletako mobilizazioan, Erregearen zuriketarik ez! lelopean, erregeak Mondragon Taldearen egoitza nagusira egindako bisita kritikatu dute, eta kooperatiba taldeari egotzi diote haren etorrera ahalbidetzearen erantzukizuna.

GKSk irakurritako manifestuan, Espainiako monarkia frankismoaren "oinordekotza zuzena" dela adierazi dute. Haien esanetan, erregea 1978ko erregimenaren figura nagusietako bat da, eta Espainiako Estatua langileen "zapalkuntza ekonomiko eta politikoan" oinarritzen da. Era berean, estatu horrek Euskal Herriaren "autodeterminazio eskubidea ukatzen duela" nabarmendu dute.

Mondragon Taldearen "erantzukizuna"

Erregearen bisita ahalbidetu izana egotzi diote Mondragon Taldeari. GKSren arabera, kooperatiba taldeak monarkiaren irudia "zuritzea" bultzatu du, bere "interes enpresarialak asetzeko" asmoz. Ildo horretan, salatu dute Espainiako Estatuko burua eskualdera ekartzeak monarkiaren presentzia normalizatzen laguntzen duela.

Bisitaren harira ezarritako segurtasun neurriak ere kritikatu dituzte. Manifestuan adierazi dutenez, erregearen etorrerak "presentzia polizial itogarria" ekarri du, herriko ohiko jarduna oztopatuz eta inguruko kontrol poliziala areagotuz. Haien iritziz, egoera horrek herriko normaltasuna hautsi du.

Oñatin ere elkarretaratzea

Aretxabaletan ez ezik, Oñatin ere elkarretaratzea deitu du Debagoieneko GKSk. Erregeak herriko Onnera Group kooperatibaren lantegi berria bisitatu duela eta, Espainiako monarkiaren presentzia gaitzetsi dute bertan ere.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak