Oroimenak min egiten duela, baina ezin daitekeela ahaztu esan dute gaur eguerdian Osintxun egindako ekitaldian. Atzo, antzerakoa zen gogoeta Eskoriatzako Marin elizatean zein Leintz Gatzagan egindakoetan.
Osintxun 15 urte daramate Jose Garaikoetxea, Ricardo Zangitu, Rufino Akizu eta Tomas eta Ildefonso Iñarra anaiak gogoratzen. Frankisten Mekolalde eta Osintxu artean fusilatu zituzten atxilotutako egun berean. Aurten bete dira 90 urte eta urteroko ekitaldiarekin batera Joseba Tapiaren kontzertuarekin osatu dute memoria-ekitaldiko egitaraua.
Eskoriatzako Marin elizatean eta Leintz Gatzagan aurten egin dituzte oroimen ekitaldi publikoak lehenengoz. Plaka bana ere inauguratu dituzte. Marin elizatean Emeteria Aranburuzabala, Apolinar Uribe, Francisco Biteri, Tomas Zubizarreta, Teodoro Errasti eta Jorge Iturricastilloren izenak darama eliza ondoan jarri duten plaka. Leintz Gatzagan, berriz, Hilario Arana, Leon Beitia, Manuel Etxabe, Anselmo Elgoibar, Jose Idigoras, Valentin Lamarain eta Jose Salterian irakur daiteke Arrate baserri azpiko zelaian jarritako oroigarrian.
Senitarteko eta ondorengoak zinez eskertu dute aitortza eta orain dela 90 urte gertatutakoak berriz ez errepikatzeko bermeak eskatu dituzte.